Alfonso Gurpegui, Duñike Agirrezabalaga con representantes de Parte Zaharrean Bizi y Zaharrean
Donostiako udalak, Ingurumeneko zinegotziaren bidez, Parte Zaharrak jasaten duen zarataren arazoa arintzera bideratutako kanpaina bat jarri du martxan. Parte Zaharrean gaueko aisialdiak sortzen duen zarata arazoaren inguruan herritarrak kontzientziatzeko kanpaina bat martxan jartzen dugu, “Bizi gurekin Parte Zaharra. Eskerrik asko tonua jaisteagatik” lelopean.
Erabateko adostasuna dago sentsibilizazio kanpaina bat martxan jartzeko premiari buruz. Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak, Gipuzkoako ostalaritza-elkarteak eta Parte Zaharreko merkatari eta ostalarien Zaharrean elkarteak asteak daramatzate ekimen hau lantzen udalarekin batera, enpatiatik eta elkar aditzetik abiatuta. Lantalde bat sortu da kanpainaren elementu nagusiak eztabaidatu eta adosteko, eta inplikatutako eragile bakoitzak kanpaina abian jartzeko eta gero segimendua egiteko izango duen papera erabakitzeko, puntu hori funtsezkoa izango baita kanpainaren eragina neurtzeko.
Ingurumeneko zinegotziak, Alfonso Gurpegui sozialistak, adierazi duenez "gaueko aisialdia auzo honetan kontzentratzeak eta gero eta turista eta bidaiari gehiago etortzeak zarata areagotu du, eta arazo hori bereziki gogaikarria da gauez. Kanpainaren bidez herritarrak kontzientziatu nahi dira problema honen inguruan, zarata murrizteko mezuak igorriz, Parte Zaharreko bizilagunek merezi duten eta eskubidez dagokien atsedena izan dezaten."
Parte Zaharrean Bizi auzo elkartearen hitzetan “Parte Zaharrean bizi garen pertsonen osasuna bermatzeko kontzientziazio kanpainaren beharrarekin bat gatoz. Hau gure elkartearentzako ezinbestekoa da eta udal gobernuak helburu honekiko konpromezua hartu izanak pozten gaitu”
Kanpaina “Auzo Osasungarria 2030” proiektuaren eremuan garatzen da, zeina Hiri Berdea 2030 Ingurumen Estrategiatik abiatzen den. Estrategia honek lau erronka handi ezartzen ditu, eta horietako bat, hain zuzen ere, Donostia ingurune osasungarria izatea da, herritarren bizi-kalitatea xede hartuta.
Alfonso Gurpeguiren hitzetan "ingurumena zarataren aldetik hobetzea landu beharreko gaia dugu, Parte Zaharrean bereziki, egunero bisitari ugari hartzen dituen auzoa baita, zer esanik ez asteburuetan eta opor garaietan". Kutsadura akustikoa ingurumen osasunari lotutako arazo larrienetakoa da gure hirietan. OMEren iritziz, zarata da herrialde garatuetako ingurumen eragozpen nagusia.
Donostiako udalak 2010etik dauka Zarataren Mapa Estrategikoa. 2014an, bizilagunek egindako eskariari erantzunez, gaueko aisialdiak hiriko hainbat zonaldetan, horien artean Parte Zaharrean, sorrarazten duen inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat egin zuen.
"Azterlanak emandako datuak oso esanguratsuak dira" azaldu du Alfonso Gurpeguik. "Eguneko bandan, hau da, goizeko 7etatik arratsaldeko 7etara bitartean, Parte Zaharra nahiko leku lasaia da. Gaueko 11etatik aurrera hasten da zarata, eta goizeko 5etara arte jarraitzen du uda partean eta goizeko 4etara arte neguan, ostegunetik igandera bitartean nagusiki". Jaso diren zarata-mailek, neurketak egin diren puntu guztietan gainditzen dituzte 213/2012 Dekretuak araututako kalitate akustikoko helburuak. "Kalean dabilen jendeak ateratzen du zarata batez ere" esan du Ingurumeneko zinegotziak.
Interes ezberdineko sektoreen inplikazioa kanpaina honen gakoa da, dudarik gabe. Alfonso Gurpeguik azaldu duenez "Eskerrik asko isilago hitz egiteagatik lemapean bultzatu den kanpaina honen asmoa eta xedea Parte Zaharra ingurune bizi eta osasungarria izatea da, elkarrenganako begirunez eta gizalegez jokatuz, posible izan dadin aisialdia eta bizilagunen atsedenaldia bateragarri egitea".
Datorren ostegunean, azaroaren 19an, abiatuko da kanpaina, Parte Zaharrean hainbat lekutan jarritako kartel eta irudi grafikoekin eta sare sozialetako presentzia handiarekin.