Donostiako Udalak «Eres Responsable» (Arduraduna zara) kanpaina martxan jarri du, hain zuzen ere Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak abian jarritakoaren ildoan, animalien abandonuaren aurrean herritarrak kontzientziatzea xede duena.
Enrique Ramos Donostiako ekologia zinegotzi sozialistak azpimarratu du «kanpainak, animaliak ez abandonatzea duela helburu, bereziki opor garaian, eta horrez gain, behar bezala hausnartu ondoren hartzea etxeko animaliak erosteko erabakia. Askok urtebetetzetan edo Gabonetan oparitzen dituzte animaliak, jostailuak balira bezala, eta ez dira konturatzen izaki bizidunak direla, zaintzak behar dituztela, eta batez ere, horien jabe izateak ardura batzuk dakartzala».
Hala, «Eres Responsable» (Arduraduna zara) kanpainaren helburuak hauek dira:
1. Hausnarketa egin, etxeko animalia bat edukitzeko arrazoien inguruan gogoeta egiteko, eta horretarako baldintza egokiak dauden zehazteko.
2. Animalia hori erosi nahi duen pertsonaren ezaugarrien arabera, animalia egokiena hautatu; hori non biziko den ere kontuan hartuz.
3. Animalia legezko leku batean erosi.
4. Animaliek behar dituzten zaintza eta arretak ezagutu.
5. Animaliek gizartean bete beharreko bizikidetza arauak ezagutu eta errespetatu.
Ramosek aipatu du, «Estatu osoan garatu den kanpaina hau bi fasetan bereizi dela Donostian. Fase bakoitza publiko ezberdin bati zuzenduta dago. Lehenengoa udari begira jarri da abian, udako oporretan, etxeko animalien abandonu mailak gora egiten baitu; eta bigarrena, berriz, ikasturte hasieran jarriko da abian, eta haurrei zuzenduta egongo da».
Udako fasea, gaur bertan abian jarriko dena, helduei zuzenduta dago. Izan ere, oporrak gertu ditugunez, heldu asko eta askok «arazoak» izan ditzakete, kanpoan dauden bitartean, beren maskotak nonbait zainduta uzteko; edo bestela, zoritxarrez, informazio egokirik ez dutenez, maskotak abandonatzea erabakitzen dute. Donostiako albaitari klinika eta kontsulta guztietan abandonua ekiditeko informazio guztia dago eskuragarri, etxeko animaliak modu arduratsuan edukitzea sustatzeko.
Bigarren fasea ikasturte hasieran jarriko da abian, eta 12-13 urte bitarteko adingabekoei zuzenduta egongo da. «Adin tarte horretan eskatzen dute gehien maskota bat Gabonetako opari gisa. Gaztetxoek beharrezko informazio eta kontzientziazioa edukitzea nahi dugu, etxeko animalia bat erostea eskatzen badute, erabaki hori modu kontziente eta burutsuan hartzeko. Laburbilduz, etorkizunean, animalia horien jabe arduratsuak izan daitezen», adierazi du Enrique Ramos ekologia zinegotziak.
Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaz gain, ERES RESPONSABLE kanpainan modu aktiboan parte hartuko dute erakunde hauek: Gipuzkoako Albaitarien Legezko Elkarte Gorenak eta Gipuzkoako Animaliak eta Landareak Babesteko Elkarteak. Kanpainaren irudi nagusia albaitariak dira, animalien etologian adituak diren osasun esparruko profesionalak baitira eta etxeko animalia gisa eros daitezkeen animalia espezie guztien bizi premiak ezagutzen baitituzte.