Donostia Turismo Hiriko Jaialdi eta Baliabide Kultural nagusiekin koordinatzen da, eta Kultura eta Jaialdien Hiri gisa duen posizionamendua sustatzearen aldeko apustua egiten du. Hain zuzen ere, hori da hiria sustatzeko 5 ardatzetako bat, gastronomiarekin, kirolarekin, helmuga premium/erromantikoa eta MICErekin (kongresuen turismoa) batera.
Jaialdiak dira hiri honetako jarduera kultural sendoaren adierazle nagusiak, eta gainera, urtean zehar banatzen dira, turismoa sasoi altuan kontzentratu ez dadin lagunduz. Horixe da hain zuzen Donostia Turismoko Gida Planaren helburu nagusietako bat. Denboraldia urtarrilean abiatzen da, Dock of the Bay jaialdiarekin. Dferia dator martxoan; apirilean, Zinema eta Giza Eskubideen Topaketak, maiatzean Olatu Talka!, ekainean Surfilm Festibal, uztailean Heineken Jazzaldia, abuztuan Musika Hamabostaldia, irailean Zinemaldia eta Kutxa Kultur Festibala, eta urrian-azaroan Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea.
Victoria Eugenian ikuskizunak ikusteko eta Aquarium eta Eureka! Zientzia Museoetarako familiako irtenalditxoak ere eskainiko dira.
Donostia Turismok hiriko baliabide turistikoekin sinergiak aprobetxatu nahi ditu eta jakin-min kulturalak dituzten bisitariak erakarri nahi ditu, kalitatezko turismoa eskainiz, horixe baita bere Gida Planaren beste ardatz nagusia.
Ihesaldiak eta pakete turistikoak dira CityBreak turismoa erakartzeko interesgune nagusiak; hau da, hirian 2 edo 3 egun igarotzera etortzen diren bisitariak, batez ere asteburuetan edo zubietan urte osoan zehar.
Irtenalditxo Kulturalak eta Jaialdiak
Ihesaldi turistikoek hau biltzen dute: 2 gau ohea eta gosaria erregimenean, jarduera kultural bat, ikuskizunetarako sarrerak, Welcome Pack bat Donostiari eta Gipuzkoari buruzko informazio turistikoarekin eta abar..
Aurten, DSS2016EU, Donostia Kultura, Heineken Jazzaldiari, Musika Hamabostaldiari, Zinemaldiari, Donostia Kutxa Kultur Festibalari, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteari, Aquariumari eta Eureka Zientzia Museoari esker, Donostia Turismoak, egun, ihesaldi hauek eskaintzen dizkio bisitariari:
- Victoria Eugenia Antzokira ihesaldia, Noetic, Labio de Liebre eta Solitudes ikuskizunetarako.
- Ihesaldi Kulturala familian Aquarium eta Eureka! Zientzia Museoa museoetarako sarrerarekin.
- Ihesaldia Donostiako Jazzaldira
- Ihesaldia Donostiako Nazioarteko Zinema Jaialdira.
- Ihesaldia Donostiako Musika Hamabostaldira
- Ihesaldia Donostia Kutxa Kultur Festibala
- DSS2016EU ihesaldia: Uda-gau bateko ametsa
- Ihesaldia Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astera
Hiria Kultura eta Jaialdien hiri gisa sustatzeko ahaleginean, Donostia Turismoak Ihesaldiak sustatuko ditu Interneteko eta sare sozialetako kanpainen bidez, eta turismo mota honetarako lehenetsitako 4 merkatuetan egingo du: Espainia, Frantzia, Erresuma Batua eta Alemania.