Ekialdeko Errege Magoek aurtengo honetan surflarien hondartza bisitatu nahi dute. Jasotzen dituzten eskaerek gure hiriko surfaren arrakasta handia adierazten dutenez, aurten lehenengo agurra Zurriola hondartzatik egingo dute. Bertan izango dituzte zain beren laguntzaileak eta gameluak, elkarrekin Udaletxeko terrazara hurbiltzeko eta agur esatera gerturatu nahi duten pertsona guztiei harrera egiteko.
Meltxor, Gaspar eta Baltasar 14:30ean iritsiko dira eta hiriko Udaletxera hurbilduko dira jarraian.
15:30etik 17:00etara (Udaletxeko ateak itxiko dira) Errege Magoek harrera egingo diete Udaletxean agur esatera eta gutuna ematera hurbiltzen diren neska-mutil guztiei.
17:00etatik 17:30era Erregeen laguntzaileek Udaletxeko terrazara hurbildu diren neska-mutilen gutunak jaso eta Errege Magoei emango dizkiete, haur guztiek Erregeen opariak jasoko dituztela ziurtatzeko.
18:00etan bulebarretik irtengo da Errege Magoei ongi etorri egingo dien kabalgata eta hiriko kaleetan zehar ibiliko da: Hernani, Etorbidea, Urbieta, Prim, Bergara, Idiakez, Gipuzkoako plaza, Legazpi eta bulebarra.
Errege Magoekin batera, trikitilariak, txarangak, suhiltzaileak, tren turistikoa, Dbuseko autobus hibrido bat eta Errege bakoitzaren laguntzaileak izango dira kabalgatan. Aipatutako guztiez gain, animalien taldeak ere izango dira desfilean. Guztira, 592 parte-hartzaile.
Erregeen kabalgata dela-eta, hiriko hainbat lekutan trafikoa eten eta aldatu egingo da, eta aldaketak egingo dira, halaber, autobus-lineen geltokietan. 1.600 kilo gozoki baino gehiago banatuko dira neska-mutil donostiarren artean. Gozoki guztiak zeliakoek jateko egokiak izango dira. 19:00ak inguru amaituko da kabalgata.
Jarraian, Ekialdeko Errege Magoak hiriko ospitaleetara hurbilduko dira.