Jarrita daude jada babes-hesiak garai batean Txominenea auzoko Txindoki Tailerrek okupatzen zuten eraikinaren inguruan. Datorren astean hasiko dira eraispen lanak.
Enrique Ramos, Donostiako Udaleko Hirigintza Sostengagarriko zinegotziak, aditzera eman duenez, eraikin hori eraisteko “jarraibide batzuk bete behar dira, osatzen duten materialetako bat amiantoa da-eta”. Hala, lanak protokolo berezi bati jarraiki egingo dira: hasteko, oso kutsagarria den material honekin osatutako atalak desmuntatuko dira, eta gero, eraikin osoa ohiko moduan eraitsiko da. Gogoratu beharra dago eraikina ez dela erabiltzen duela urte batzuk.
“Eraitsi eta gero, orubea eta ondoko lursail bat asfaltatuko dira, auzotarrentzako aparkaleku moduan egokitzeko. Izan ere, bertako bizilagunek horrelako ekipamendua eskatzen ari dira aspalditik”, esan du Enrique Ramosek.