Donostia 2016 eta Moriarti Produkzioak-en artean koproduzituriko pelikularen filmazioa atzo bukatu zen azken laburmetraiaren grabazioarekin: Julio Medemen “La ballena real”. Laburmetraia Kalebegiak ikus-entzunezko proiektuaren baitan kokatzen da, azken berrogeita hamar urteetan zinema hiriko eta inguruetako kultur eragile garrantzitsuena izan delakoaren egiaztatzetik abiatu delarik ideia.
Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoak, Film Commisionen bidez eta berorren ikus-entzunezko sektorea babesteko estrategiaren bidez, `Kalebegiak´ proiektuaren garapen, aurreprodukzio eta produkzioan parte hartu du, zeinaren bulegoa Ikus-Entzunezkoen Berrikuntza Gunean, Pi@n egon den. Film Commissionek udal baimenen eta bestelako instituzioen baimenen tramitazioan lagundu du eta laburmetraietarako lokalizazioen bilaketan ere eman du laguntza.
Sustapen Ekonomikoko Zinegotziak, Ernesto Gascok, hirian filmatu diren ikus-entzunezko sektorearen eragin ekonomikoa eta berorren babesa azpimarratu ditu. “Donostiak ikus-entzunezko enpresa-ehun sendoa dauka, tokiko ekonomiaren parte dena, mota guztietako proiektuei kaudimenez aurre egiteko gai dena”, azpimarratu zuen. Hurrengoa ere nabarmendu nahi izan zuen: “enpresa hauen jarduerak Donostiaren irudia eta tokiko kultura hedatzen aguntzen du. Mundu osoko hiririk hoberenetarikoa daukagu filmaziorako, bertan lan egin duten profesionalek egiaztatu duten bezala”.
2015ean, Donostiako Film Commissionek 103 filmazio eskaera erantzun ditu, hirian 339 egunetan zehar filmaturiko ikus-entzunezko 86 proiektutan gauzatu direnak. Proiektu multzo honek 14,4 milioi euroko aurrekontua zeukan, zeinetan enpresek 2 milioi euroko zuzeneko inbertsioa aitortu duten Donostian. Produkzio hauen zeharkako inbertsioa 4,2 milioi eurokoa izan daitekeela balioesten da, zeinaren guztizkoak 6,2 milioi euroko eragin ekonomikoa suposatzen duen hiriarentzat. Eragin honi gehitu behar zaio filmazioek suposatzen duten hiriaren irudiaren proiekzioa, hau da, hiriko publizitate eta marketinari egiten dion ekarpena, turismoan duen eraginaz gain.
Joan den urtean, Film Commissionek 255 filmazio baimen baino gehiago kudeatu zituen. 5 film luze eta 5 film labur filmatu ziren. Hala ere, Donostian burutu ziren grabazio gehienak telebistarako egin ziren, %53 izatera iritsiz, zinemako %11ko datuaren aurrean. Film Commissionek erantzuna eman dien enpresa gehienak euskaldunak dira (%68), nahiz eta beste komunitate autonomoetako enpresak eta nazioarteko enpresak ere aurki ditzakegun, Frantzia, Erresuma Batua, Amerikako Estatu Batuak, Japon, Alemania, Portugal edo Australiakoak kasu. Gainera, Movistar Plus, Café Fortaleza, Kaiku, Euskaltel, Sephora edo BM Supermerkatuak bezalako marken publizitate iragarki batzuentzako eszenatoki ere izan da hiria.