Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Nabigatzen jarraituz gero gure cookien politika onartzen duzula ulertzen da.

BERTSIO OSOA

BERTSIO MUGIKORRA

PSE-EE DONOSTIA

BULETINAREN HARPIDETZA

EGURALDIA DONOSTIAN

BERRIAK

2018 MAI 25      ELKARRIZKETA HITZA ASTEKARIAN

ERNESTO GASCO: “TURISMOA ALIATU ONA DA MERKATARI TXIKIENTZAT”

Munduko Turismo Erakundearen goi bilera egiten ari dira Donostian. Hiriko turismo garapenarentzat hitzordu garrantzitsua dela uste du Gascok.

Zergatik da garrantzitsua Munduko Turismo Erakundearen goi bilera Donostian egitea?

Oso garrantzitsua da Nazio Batuen erakundearen edozein goi bilera hemen egitea. Gainera, historian lehenengo aldiz aukeratu dute gure hiria Nazio Batuen barneko erakunde bateko goi bilera bat egiteko, eta hori oso pozgarria da. Uste dugu nazioartean hiri iraunkor eta kalitatezko baten moduan ondo kokatzeko balioko digula.

Zein egiteko du Munduko Turismo Erakundeak?

Ez du turismoa sustatzeagatik sustatzen, garapen bidean dauden herrialdeen eta herrialde pobreenen aktibitate ekonomikoa hobetzen laguntzen du. Analisirako eta hausnarketarako espazio bat eskaintzen du, eta bertan, herrialde ugaritako ministro eta ordezkariek hartzen dute parte.

Donostiako ordezkaririk badago talde horretan?

Donostia bilera honekin batera sartuko da Munduko Turismo Erakundean. Gezurra badirudi ere, oraindik ez zegoen. Erakunde honen parte garenean gainerako herrialdeetako agenteekin harremanetan egongo gara. Erakunde honen lana mundu mailako egoera aztertzea eta hausnartzea da, sortzen diren abantailak eta desabantailak aztertuz. Horregatik da garrantzitsua gu bertan egotea.

Kanpaina bat egin duzue turismo “iraunkorra eta kalitatezkoa” sustatzeko. Zer esan nahi du zuretzat kalitatezkoa eta iraunkorra izatea?

Lehengo urtea inflexio puntua izan zen Donostian iraunkortasunari begira. Orain arte aurreko gobernuen turismo planak jarraitu ditugu, eta iaz erabaki genuen nahikoa hazi ginela eta ez genuela gehiago hazteko beharrik. Orain gure helburua kalitatezko turismoa lortzea da. Izan ere, gaur egun 1.000.400 bisitari inguru ditugu urtean. Salamanca [Espainia] edo Leon-en [Espainia] moduko hiri txikiagoek bi miloi inguru bisitari izaten dituzte.

Zer esan nahi duzu horrekin?

Esan nahi dudana da gure helburua ez dela gehiago haztea, kalitatean jarri nahi dugu indarra. Bestalde, oreka lortu nahi dugu hemen bizi garenon eta bisitan datozenen artean. Horretarako, garrantzitsua da donostiarrek ere begi onekin ikustea gure hirira datozen bisitariak, ez baitizkigute soilik onura ekonomikoak ekartzen, elkarbizitzarako aukera ere ematen digute. Bestalde, merkatari txikiei garrantzia ematen diegu eta arlo horretan lanena ari gara. Azkenik, deszentralizazioan sakondu nahi dugu.

Merkatari txikietan arreta jarri nahi duzuela diozu. Nola?

Turistek denbora libre asko dute hirian zehar paseatzeko eta gure merkatari txikiei erosteko. Hori erakargarri bihurtzeko kanpainak abiatu ditugu. Horrela, turistek oroitzapen gisa gure saltokietan erositako produktuak eramaten dituzte. Konturatu gara saltoki askok ere horrela ikusten dutela. Parte Zaharreko dendarien kasuan, esaterako, irabazien %20 edo %30 turistengatik etortzen dira, eta turismoa promozionatzeko eskatzen digute. Hori dela eta, adibidez, tokiko merkataritza berezitua sustatzeko kanpaina abiarazi genuen orain dela gutxi, eta komertzio horiek jasotzen zituen gida bat atera genuen.

Hala ere, Parte Zaharrean denda asko itxi egin dituzte turistei begirako saltokiak jartzeko.

Guk turismoko departamentutik apustua egin dugu bertako produktuen berezitasuna nabarmentzeko saltoki txikien bitartez. Hala ere, gauza bat da erakundeok egiten duguna, eta bestea, merkatu ekonomia. Hau da, lokalen jabeek, donostiarrak hauek ere, prezioak asko igotzen badituzte merkatari txikiak itota sentitzen dira, eta alde egin behar izaten dute. Dena den, gure apustua merkataritza berezitu horri laguntzea da, eta turistei esker irabaziak handitu ditzakete gero alokairuak errazago ordaindu ahal izateko. Bestalde, ez dugu ahaztu behar hiriko merkataritzan zein garrantzi duen probintziatik datorren jendeak. Guk Gipuzkoa eta Donostia elkarturik egotea nahi dugu. Turismoa aliatu hona iruditzen zaigu hiriko merkatari txikientzat.

Gentrifikazio hitza dabil zenbaiten ahotan. Askok Bartzelona jartzen dute Donostian turismoarekin gertatzen ari denaren adibide moduan.

Donostia Bartzelonarekin konparatzen duena ez da Donostian bizi. Uste dut Amsterdam [Herbehereak] edo Veneziaren [Italia] moduko hirien kasuan turismoak nabarmen eragiten duela bertan bizi direnengan, eta eredu horiek justu Donostian sortu nahi dugun ereduaren aurkakoak dira. Guk turismo lasai, iraunkor eta neurriko bat nahi dugu. Esaterako, Donostian ez daukagu nazioarteko aireporturik. Bartzelonak nazioarteko aireportu bat edukitzeaz gain, Vueling konpainia dauka eta konpainia horrek mundu osoarekin lotzen ditu oso prezio merkeetan. Hori gutxi balitz, turistez betetako itsasontzi handiak iristen dira etengabe eta milaka pertsonek hiria kolapsatzen dute.

Ez dago alderatzerik, beraz.

Donostian 40 lagun inguruko autobusak iristen ziren lehen Bulebarrera bisitariz beteta eta hori ere aldatu egin genuen, orain autobus geltokira iristen dira guztiak eta ez dute espazio publikoa hainbeste okupatzen. Ez daukat ezer Bartzelonaren aurka baina Donostia ez da bide hori egiten ari. Burgosek [Espainia], Salamancak edo Bilbok Donostiak baino bisitari gehiago jasotzen dituzte. Turista bueltatu egin da ETA bukatu delako, horixe da egia. Turismoa daukagu berriro Donostian, baina zorionez beste hiri batzuen ereduetatik urrun gaude eta turismo orekatu bat bilatzen dugu.

Etxebizitzaren prezioak nabarmen egin du gora hiriaren erdialdean. Turismoak zein eragin eduki duela uste duzu?

Lehenengo aldiz datuak ditugu. Badakigu etxebizitzaren eta alokairuaren prezioak gora egin duela erdialdean eta jaitsi egin dela hiriko beste auzo batzuetan. Egoera hau gehienbat krisi garaitik dator. Turismoak eraginik izan ote duen? agian bai, baina ez dut uste eragin nagusia izan denik. Hala ere, badezpada neurriak hartu ditugu dagoeneko, pisu turistikoen araudia indarrean jarri dugu, eta duela gutxi sententzia bat irabazi ere bai. Bestalde, Parte Zaharra ere eremu ase izendatu dugu eta hori indarrean jartzearekin batera, ezingo da hotel gehiago eraiki.

Hala ere, 22 hotel berri eraiki dituzue edo eraikitzen ari zarete azken hilabeteetan. Zeren arabera ematen dituzue lizentziak?

Beti esaten da zenbat hotel eraiki ditugun edo eraikiko ditugun baina ez guztira zenbat ohe. Izan ere, gure apustua hotel txikiak eraikitzea da eta 22 hotel gehiago badira ere 2.000 ohe soilik dira guztira. Gaur egun hirian 8.000 oheko eskaintza dugu gutxi gorabehera, beraz, %10 edo %15 igoko da. Lizentziari dagokionez, legea jarraitzen dugu eta legearen barruan eskatzen dituzten lizentziak ematera behartuta gaude, bestela isun bat ordaindu beharko genuke herritar guztion diruarekin.

PSE-EE DONOSTIA PSE-EE