Udalak 2009an onartutako arauaren eguneraketa da eraikinen eraginkortasun energetikoari eta ingurumen kalitateari buruzko ordenantza berria. Energia aurreztea eta hiria zein ingurumena eroso gertatzea azpimarratzen ditu hark, Donostiako garapen jasangarria bermatzeko neurri gisa. Horrela, klima aldaketaren aurkako borroka indartuko du.
Donostiako Ekologiako zinegotzi Enrique Ramos sozialistak nabarmendu duenez, “aitzindaria eta ausarta da ordenantza hau, haren helburuak lortzeko ezartzen dituen eskakizunak direla eta, eta energia eraginkortasuneko eta ingurumen kalitateko beste parametro batzuk aurkeztu ditu, bai eraikuntza berriko eraikinetarako, bai birgaitze lanetan daudenetarako. Esan beharra dago Donostiako CO2 emisioen % 21,7 eraikinek isurtzen dutela. Beraz, horien energia kontsumoa murriztea funtsezkoa da klima aldaketaren aurkako borrokan, donostiarren % 94aren ustez, ukaezina dena”.
Jasotzen diren neurriak eraikuntzakoak dira, fatxaden, leihoen edo estalkien ingurukoak, nahi ez diren energia galerak edo irabaziak saihesteko. Halaber, instalazio tekniko garbiagoak eta egokiagoak erabiltzea aurreikusi da, funtzionamendu jasangarria finkatzeko eta gure ingurumen helburuekin bat etortzeko.
“Energia aurreztea eta CO2 emisioak murriztea da ordenantzaren helburua, herritarren erosotasuna murriztu gabe, eta betiere jasangarritasunaren eta ingurumen kalitatearen mesedetan. Indarrean dauden Estatuko arauen eskakizunak ere gainditzen dituzte ordenantzaren parametroek, eta, hala, gure hiriaren garapen jasangarrirako eskakizuna indartzen dute”, azpimarratu du Enrique Ramosek.
“Ez zuen zentzurik eskakizun gutxiko mailetan gelditzeak, emisioak murrizteko, erregai fosilen kontsumoa murrizten duten egungo eraikuntza sistemak kontuan hartzen ez baitzituzten”, nabarmendu du Ramosek.
Eraikinen energia kalifikazioa lortzeko, erabakigarriak dira neurri pasibo eta/edo aktibo horiek, higiezinen energia eskaera murrizteko aukera ematen baitute. Eraikinaren energia kontsumoa eta hari dagozkion urteko CO2 emisioak ezagutu daitezke, kalifikazio horri esker.
“Batzuetan, nahikoa izaten da, energiaren ikuspegitik, berokuntza sistemetan edo ur beroko sistemetan instalazio eraginkorra egitearekin; beste batzuetan, berriz, eguzki energia termikoko edo fotovoltaikoko sistemak jarri behar dira, erregai fosilen kontsumoa eta atmosferara isuritako emisioak murrizteko”, adierazi du zinegotzi sozialistak.
Ekintza horiek ezartzen laguntzeko, laguntza ekonomikoak aurreikusi ditu ordenantzak, betiere baldintza dela Udalak dirua edukitzea eta hartutako konponbideek behar bezala funtzionatzen dutela egiaztatzea.
Eraikuntza berriko edo zaharberritutako eraikinetarako ezaugarri eta irismen zehatzak eskatzen ditu Energia Eraginkorraren Ziurtagiriak (Proiektuarena eta Amaitutako Eraikinarena). Alegia, C motako gutxieneko kalifikazio energetikoa eskatzen dute sustapen pribatuko eraikinetarako, eta, B motako gutxieneko kalifikazioa, udal sustapen publikoko eraikin guztietarako.
Eraikuntza berriko obrei eta zaharberritze partzial edo osoan dauden eraikinei aplikatuko zaie ordenantza. Enrique Ramosek adierazi duenez, ordenantzak jasotzen du dagokien hirigintza espedientean sartuko dituztela eraikinetako Energia Eraginkortasunaren Ziurtagiriak, eta Tokiko Agenda 21 bulegora bidaliko dituztela, ordenantzaren datuak CO2 emisioak neurtzen dituzten eta horiei aurre egiten dieten parametroetan sartzeko.