Donostiak egoera orokor egokia dauka jasangarritasunaren eta ingurumenaren ikuspegitik, Jasangarritasunaren Behatokiaren urteroko txostenaren arabera.
Txostena 2009tik urtero egiten den diagnostiko bat da, eta bertan 47 adierazle erabiltzen dira, 15 ataletan banatuta.
Donostiako Udaleko Ingurumeneko zinegotzi Alfonso Gurpeguik honako hau adierazi du: “2015eko egoerari buruz Donostiari eginiko ekografiatik ondorioztatzen diren datuen arabera, zenbait ingurumen parametroren bilakaera orokorra positiboa da; besteak beste, mugikortasunari, uraren kontsumoari eta hondakinen sorrerari dagokienez".
ATMOSFERAREN KUTSADURA
Kalitate “oso oneko” edo “oneko” egunak urteko egun guztien % 99 izan dira Puioko estazioan; % 96 Ategorrietakoan, % 97 Tolosa hiribideko estazioan, eta % 84 Easokoan. “Esan dezakegu arnasten dugun airearen kalitatea ona dela –adierazi du Alfonso Gurpeguik–. PM10 partikulen eguneroko neurketek eta haien eguneko muga balioaren gainditzeek ez dituzte legediak ezarritako muga balioak gainditu lau estazioetan. NO2ren urteko batez bestekoek eta eguneko zer ordutan izan den NO2 gehiago jakiteko neurketek ez dituzte legediak ezarritako muga balioak gainditu lau estazioetan (Tolosa hiribidea, Ategorrieta, Easo eta Puio)".
MUGIKORTASUNA
Mugikortasunaren arloan, gora egiten jarraitzen du bizikletaren erabilerak. “Bizikletaz eginiko joan-etorrien eguneko batez bestekoa 19.591koa izan da; aurreko urtean baino % 9 gehiago”, esan du Ingurumeneko zinegotziak. “Horretaz gain, jende askok jarraitzen du garraio publikoa erabiltzen hiri barruko joan-etorrietarako; guztira 31.149.310 bidaia zenbatu ziren hiri barruan Dbus, Lurraldebus eta EuskoTrenen zerbitzuen bidez. Dbuseko bidaiari kopurua % 1 hazi da aurreko urtearekin alderatuta.
Mugikortasunari buruz Jasangarritasun Txostenean jasotako beste datu bat motorizazio indizearen egonkortzea da; turismoen indizeak behera egin du (1.000 biztanleko 398 turismo: % 0,51ko beherakada), baita motozikletenak ere (1.000 biztanleko 139 ibilgailu: % 0,55eko beherakada). Bizikletaz ibiltzeko egokituriko bideek 73 km-ko ibilbidea dute egun; guztira 8.090 metro gehiago egokitu dira eta horietatik 3.735 metro bizikletarientzat bereizitako bideak dira
URAREN KONTSUMOA ETA KALITATEA
Uraren guztizko kontsumoak bere horretan jarraitzen du (egunean 211 litro/pertsona, 2014an baino % 0,35 gehiago; etxeko kontsumoa eguneko 139 litro/pertsona izan da, aurreko urteetan baino gutxiago). Fakturatu gabeko ur bolumenaren murrizketa progresiboaren beheranzko joera eten egin da; % 12 hazi da 2014arekiko, eta % 16 da udalerriaren guztizko ur eskaeraren gainean. Galdutako ur kopurua % 10 areagotu da udalerriaren guztizko ur eskaerari dagokionez; bi puntu 2014ko zifraren gainetik.
“Urumea ibaiko uraren kalitateari dagokionez, nabarmen hobetu da bokaletik gertu dauden eremuetan eta kostaldean. Hala, kalitateari eutsi zaio Santa Katalinan, gehieneko potentzialarekin, eta Monpasen, kalitate Oso Onarekin –nabarmendu du Alfonso Gurpeguik–. Baina datu guztiak ez dira onak; izan ere, ibaiaren erdialdeko eremuan, Loiola eta Santa Katalina zubien artean, eginiko analisiek erakutsi dutenez, tarte horietan uraren kalitatearen indizeek behera egiten jarraitzen dute”.
KONTSUMO JASANGARRIA
Jasangarritasun Txostenak 24 jarduketa egin ditu 2015ean ere, baina aurrekontu txikiagoarekin 2014koarekin alderatuta (72.539 € 2015ean eta 94.553 € 2014an) “Udaletxeak egiten duen ondasun suntsikorren erosketa berde gisa ezagutzen denaren tasak handia izaten jarraitzen du; material suntsikorraren erosketara zuzendutako aurrekontuaren % 84 da”, Alfonso Gurpeguik adierazi duenez. “Gainera, jasangarritasun irizpideak ezartzen dituzten kontratazio publikoko baldintza orri kopuruak gora egiten jarraitzen du. 2015ean 19 baldintza orrik ezarri zituzten ingurumen irizpideak”. 2013. urtetik udal agindu bat dago Udaletxeak eginiko kontratuetan hainbat irizpide txertatzeko: sozialak, ingurumenekoak, etikoak, lan arlokoak eta berdintasunekoak; eta horrek eragin du udalaren mendeko kontratazioetan ere irizpide horiek berak txertatzea.
JARDUERA EKONOMIKOAK ETA INDUSTRIALAK
Jarduera publikoetan eta pribatuetan pixkanaka ingurumen kudeaketako sistemak ezartzeko ohiturari eutsi zaio (118 ziurtagiri 2015ean eta 2014an, aldiz, 101). Eusko Jaurlaritzaren otsailaren 11ko 11/2014 Dekretua indarrean jarri ostean, 15 erakunderi onartu zaie ‘emakumezkoen eta gizonezkoen aukera berdintasunerako lankidetza erakunde' izaera”.
HONDAKINAK
“Txostenak sorturiko hondakinen guztizko kantitatearen beheranzko bilakaera berretsi du. 2014an baino % 1 gutxiago da; hortaz, donostiar bakoitzak 1,18 kg hondakin sortzen ditu egunean” esan du Gurpeguik.
Hondakinen gaikako bilketa areagotu egin da (2015ean % 38, eta 2014an % 36). Egunean, biztanle bakoitzeko, 0,45 kg hondakin jaso dira gaika; hala, zabortegira eramandako hondakin kantitateak –0,73 kg/biztanle/egun– % 5 egin du behera, hori, azken 13 urteetako zifra txikiena izanik.
“Materia organikoa edukiontzi berezien sistemaren bitartez jasotzeko programan 21.050 familiak eta hainbat motatako 1.559 establezimenduk parte hartu dute. Guztira 4.770.700 kg materia organiko bildu dira, 2014an baino % 101 gehiago. Gainera, 625 familia-unitatek dute konpostagailu indibiduala, eta 85 familiak parte hartzen dute hiriko 10 auzotan ezarritako auzo konpostajerako programetan.
ENERGIA
Kontsumo elektrikoak % 2 egin du gora, aurreko bost urteetan beheranzko joerari eutsi ostean. Egungo kontsumoa biztanleko 3.813 kWh-koa da. Gasaren kontsumoak ere % 6 egin du gora (biztanleko 3.816 kWh urtean). Instalatutako energia berriztagarrien gaitasuna bere horretan geratu da, instalazio berriak biomasakoak baitira, baita eguzki energia termikorako 9 m2 ere. Iturri berriztagarrien bidez sorturiko energiak gora egin du 2014ko beherakadaren ostean, ixte prozesuan den San Markoseko zabortegiko biogasaren beherakadaren ondorioz; izan ere, obrak zirela eta, haren produkzioa geldituta egon zen.
Energia berriztagarriko instalazio guztietan 8.287.196 kWh-ko ekoizpen globala kalkulatu da; hau da, % 45eko hazkunde bat 2014arekin alderatuta. “Energia kontsumo handiagoaren alde gertaturiko joera aldaketek goranzko bidea jarraitu dute 2016ko lehen bost hilabete hauetan beste arlo batzuei dagokienez; esaterako hondakin sorrerari edo ibilgailuen matrikulazioei dagokienez, eta, ondorioz, aurreikuspenak ez dira baikorrak”, azpimarratu du Alfonso Gurpeguik. “Hazkunde ekonomikoa baliabideen eta energiaren erabileratik eta kutsaduraren eta hondakinen sorreraren gorakadatik bereiztea ezinbestekoa da sistema jasangarria izateko eta berotegi efektuko gasen isurketei dauden mailan eusteko”.
ISURKETAK
Alfonso Gurpeguik adierazi duenez “azkeneko datuak 2014koak izan arren, CO2 isurketen inbentarioak % 15eko beherakada erakusten du 2005eko kantitateekin alderatuta, eta % 22koa 2007koekiko (azken hori bilakaeraren eta hartutako konpromisoen jarraipena egiteko oinarri urtea da). 2013ari dagokionez, guztizko isurketek % 0,81 egin dute behera. Zenbatutako guztizko isurketa kopurua pertsonako 6,9 tona CO2 baliokidekoa da”.
Isurketen murrizketarekin loturiko datuak positiboak badira ere, hemendik 2030. urtera % 1,6 murriztu beharko lirateke urtean, Udalak sinaturiko Alkateen Ituneko esparru berria bete nahi izanez gero. Ahalegin hori areagotu egin beharko da Klima DSS2050 estrategiaren barruan.
SOZIOEKONOMIA
Langabezia portzentajea Euskal Autonomia Erkidegoko batez bestekoa baino txikiagoa da (% 14,1), baina genero arrakalak bere horretan jarraitzen du. Emakumezkoen langabezia % 12,7koa da, eta gizonezkoena % 9,9koa, baina indizeak 2014an baino txikiagoak dira (% 14,2ko tasa emakumezko langabeziari dagokionez, eta % 11,3koa gizonezkoenari dagokionez).
4.894 familiak jasotzen dute Diru Sarreren Bermeen Errenta; gutxi gorabehera udalerriko familien % 6,4k. Bestalde, gizarte zerbitzuek 65 urtetik gorako biztanleen % 46 artatzen dituzte, hainbat intentsitate mailarekin; gutxi gorabehera 19.725 pertsona. Estaldura hori % 98koa da hirian bizi diren 85 urtetik gorako 7.300 pertsonen kasuan.
INGURUMEN SENTSIBILIZAZIOA ETA PARTE HARTZEA
Guztira 10.357 kontsulta egin dituzte herritarrek; hau da, batez beste 28 kontsulta egunean. Kopuru horrek % 4 egin du behera 2014arekin alderatuta. Kontsulta kopuru garrantzitsu bat honako gai hauekin dago lotuta: materia organikoa jasotzeko edukiontzia, auzo konposta, etxeetako konposta edo ikastetxeetakoa, zarata eta Bizikletaren Behatokiak jasotako bizikletarien mugikortasunarekin loturiko gaiak.
Hiriko Arloko Kontseiluak berreratzeko prozesuak Ingurumenaren Aholku Kontseilua berritzea ekarri du. Aholku Kontseilua hiriko 26 entitatek, garrantzi bereziko taldeek eta pertsona indibidualek osatzen dute, eta lehenengo bi bileretan % 75eko parte hartzea izan du.