Donostiako Udalak batzorde berezi bat sortuko du historiko eta berezi gisa izendatutako hiriko saltokiei sostengua eta babesa eskaintzeko.
Honela iragarri du Ernesto Gasco sozialistak, Ekonomia Bultzatzeko eta Merkataritzako zinegotziak, EH Bilduk eta Alderdi Popularrak aurkeztutako bi interpelazioei emandako erantzunean.
Gascoren hitzetan, udal gobernua ere "kezkatuta dago azken asteotan Alde Zaharreko eta beste eremu batzuetako saltoki adierazgarriak desagertu direlako, bai eta saltoki horien titulartasun aldaketak eta jabegoaren kontzentrazioa direla eta. Orain arte burutu ditugun ahaleginak tokiko hiri merkataritzaren mesedetarako izan dira".
Zentzu horretan, gogoratu du Donostia dela biztanle bakoitzeko merkataritza dentsitate handiena duen euskal hiriburua (1,42 saltoki biztanle bakoitzeko), Bilboren (1,32 saltoki biztanle bakoitzeko) eta Gasteizen (saltoki bat biztanle bakoitzeko) aurretik. Ernesto Gascok azpimarratu egin du merkataritzaren sektoreak, Donostian ia 10.000 enplegatu dituenak, bereziki nabaritu duela azken urteotan erosketa ohitura berrien eragina, hala nola internet bidezko merkataritzarena, %8 ingurukoa, eta, neurri txikiagoan, merkatal guneen eragina, tokiko merkataritzan %2,3ko intzidentzia duena.
"Donostia da azken lau urteotan saltoki galera txikiena izan duen euskal hiriburua, saltokien %8ko galerarekin, Bilboren %10,59ko eta Gasteizen %10,7ko saltoki galeren atzetik –adierazi du Gascok– eta, bitxia bada ere, galera horren aurrean, sektoreko enplegua mantendu ez ezik apur bat areagotzea lortu da".
Udalak, Eusko Jaurlaritzaren Sailaren eskutik, Tokiko Merkataritza Bultzatzeko Plan bat jarriko du abian 2020-2030 aldirako. Plan horri esker, merkataritzari sostengua eta dinamizazioa emateko planak sustatuko dira, bide publikoan burututako obra handien eragina sufritu duten saltokiei diru laguntzak emango zaizkie, erosketa arduratsuko saltokiak bultzatuko dira eta 50 urtetik gora daramatzaten saltokien lizentziei hobariak emango zaizkie.