Programa hiru urtekoa izango da, eta lankidetza publiko-pribatuaren bidez sortu da. Lan-munduan sartzeko zailtasunak gainditze aldera, profil ezberdineko gazteentzat aukerak sortu nahi dira, batik bat prestakuntza gutxiago eta lan-merkatuan sartzeko zailtasun gehiago dituztenentzat. Ekonomia Bultzatzeko, Merkataritzako, Ostalaritzako eta Turismoko zinegotzia den Ernesto Gascok ondorengoa adierazi zuen: “programa honen bitartez, lan-merkatuan sartzeko zailtasun ugari izan dituzten gazteen enplegagarritasuna hobetzen ahaleginduko gara”; “saiatu gara eskaintzen diren ikastaroak eta laguntzak sektore horiek dituzten lan-premiekin ezkontzen".
2016ko prestakuntza-eskaintza honako hau da:
1 - Ikasketarik gabeko eta lan-esperientziadun edo esperientziarik gabeko gazteek ikastaro hauek egiteko aukera izango dute: Merkataritzako teknikaria/laguntzailea.
2 - Ikasketak dituzten gazteek eta lan-esperientziadunek edo esperientziarik gabekoek ikastaro hauek egiteko aukera izango dute: Barrako eta terrazako laguntzailea. Sukaldari-laguntzailea. Pisuko zerbitzaria. Establezimendu turistikoetako harreragilea. Enplegurako komunikazio-erremintak: ofimatika, ingelesa eta sare sozialak. Jarduera turistikoetako teknikaria. Community Manager eta Marketing digitala.
3 - Ikasketak dituzten gazteek eta lan-esperientziadunek ikastaro hauek egiteko aukera izango dute: Merkaturatzeko teknikaria (ekintzailetzako prestakuntza barne). Proiektuen kudeatzailea (ekintzailetzako prestakuntza barne).
Ikastaroak ekainean hasiko dira, eta ostalaritzako, merkataritzako eta turismoko sektoreen lan-premiak kontuan hartuta diseinatu dira. Halaber, kontrataziorako laguntzak eskainiko dira; hots, 6.000 € laguntza izango da gutxienez sei hilabeteko eta lanaldi osoko kontratuetarako. Lanaldi partzialeko kontratuen kasuan, lanaldiak gutxienez %75ekoa izan beharko du.
Programa, Eusko Jaurlaritzak onartuta, Europako Gizarte Funtsak batera finantzatzen du 2014-2020 Gazteen Enpleguko Programa Eragilearen esparruan, ondorengo proiekturako: "Gazteen trebetasun eta gaitasun profesionalak hobetzeko eta Donostia Jabe Izan proiektua"; bertan, honako erakunde hauek hartzen dute parte: Donostiako Sustapena, Gureak Inklusio Fundazioa-Kutxa Zeharo eta Nazaret Fundazioa. Horietako erakunderen batekin harremanetan jartzen diren gazteek gehien komeni zaien ibilbidea hautatzeko aholkularitza jasoko dute. Edozein kontsulta egin nahi izanez gero, deitu 943 48 28 00 telefono-zenbakira.