Bihar, abenduak 1, piztuko dituzte Eguberrietako argiak Donostian, Cervantes plazan izango den jaialdian. Gainera, Kontxako hondartzan, Eguberrietako apaingarri erraldoi bat sortuko dute ehun bat pertsonak.
Argi ikuskizun horretan, kantuan arituko da Kantakidetza abesbatza, Eguberri motiboz eta argi apaingarriz jantzitako haurrek osatua. Hiru pertsonak sakatuko dute, donostiarren ordezkari gisa, Donostiako kaleak argituko dituen botoia. Herritar guztientzat zabalik egongo da ekitaldia. Babeslea Banco Sabadell da, eta hark, aldi berean, bere argiak piztuko ditu, Askatasunaren hiribideak Hondarribia kalearekin bat egiten duen kantoian.
Aurten, iaz baino % 14 apaingarri gehiago jarri dira. Guztira, 444 dira jarritako elementuak (iaz 388 izan ziren), eta iaz baino 14 kale gehiago argiztatuko dira.
Aurtengo argiak direla eta, bi elementu nabarmendu behar dira: Miramar jauregian jarritako Eguberrietako zuhaitz izugarria, 20 metro luze dena eta 8 metroko diametroa duena eta badiako edozein tokitatik ikus daitekeena; eta Artzain Onaren plazan, Loiola kalearen parean, jarritako zuhaitza.
Kordobako Ximenez enpresa arduratu da Eguberrietako argiak jartzeaz eta kudeatzeaz, hiru urterako irabazi baitzuen lehiaketa, 2014an. Argiek LED teknologia dute; beraz, energia gutxiago kontsumituko dute eta atmosferara % 80 CO2 gutxiago igorriko dute. Aurten, Eguberrietako arku dezente gehiago jarri dira: 2014an 163 jarri ziren, eta 2015ean, berriz, 232.
Aurten, hiri altzarietan, plazetan, biribilguneetan, lorategietan, faroletan eta arkuetan izango dira argi apaingarriak. 116 farol, zoruko 23 irudi eta 68 zuhaitz argituko dira. Apaingarriek askotariko formak, koloreak eta elementuak dituzte.
Aurtengo Eguberrietan, Donostiako 16 auzok izango dituzte Eguberrietako argiak: Erdialdea, Amara, Loiolako Erriberak, Altza, Bidebieta, Herrera, Antigua, Intxaurrondo, Gros, Egia, Loiola, Martutene, Igeldo, Aiete, Añorga eta Parte Zaharra. Aurten, kale hauetan ere jarri dira Eguberrietako argiak:
- San Martzial kalea
- Loiola kalea
- Hondarribia kalea
- San Martin kalea
- Bergara kalea
- Arrasate kalea
- Idiakez kalea
- Etxadi kalea
- Garibai kalea
- Hernani kalea
- Jolastokieta
- Legazpi kalea
- Txomin
- Larratxo Pasealekua