Donostiako Sustapenaren bitartez, Alkateordetzak antolatutako Donostia WeekINN - Donostiako Berrikuntzaren Astea urriaren 22tik 26ra bitartean egingo da, eta hirian burutzen den berrikuntza bultzatzeko estrategiari nazioarteko izaera ematea du helburu. Era horretan, astean zehar, Boston bezalako hiriekin zuzenean konexioak egingo dira edo nazioarteko hitzaldietan Europako hiri ezberdinek (Oslo, Helsinki eta Utrech) talentua erakartzeko estrategiak azalduko dituzte. Horrez gain, WeekINN Astean, aurten arreta berezia eskainiko zaie hezkuntza-sistemaren esparruan berrikuntzarekin zerikusia duten gaitasunak garatzera bideratutako ekimenei.
Ernesto Gasco alkateordeak eta Ekonomia Bultzatzeko zinegotziak ondorengoa adierazi nahi izan zuen: “WeekINN Astea bosgarren ediziora iritsi da, eta horrek hiriak duen heldutasuna erakusten du berrikuntzaren kontzeptuaren inguruan duen garapena bere gain hartzeko orduan. Aurten, programa oso zabala izango da, 70 erakundek hartuko dute parte, eta enpresek, hezkuntzak eta nazioartekotzeak garrantzi handia izango dute. Herritarrekin ere ez gara ahaztu, jarduerak antolatu baititugu bai haurrentzat, bai helduentzat, Boulevardean jarri dugun karpan”.
Aste batean, Donostia Berrikuntzaren hiriburu izango da beste behin. Donostiako Sustapenak bultzaturiko WeekIN Asteak aurten 50 jarduera baino gehiago eskaintzen ditu hiri osoko 30 egoitzatan banatuta: nazioarteko 150 bat aditu, enpresa, ikerketa-zentro, elkargo eta sektore ezberdinetako agenteren hitzaldiak eta doako saioak. Horiek guztiek Donostiako ekosistema berritzailea azpimarratuko dute hiriaren aldaketa, hazkunde eta kohesioaren motore gisa.