Irailaren 30ean amaitu da hondartza garaia. Aurten, jende asko etorri da, eta turistak ere nabarmen ugaritu dira hondartzetan. Eguraldia, batez ere abuztutik aurrera, ona izan da eta jendea animatu da hondartzaz gozatzera. Guzti honek eragin zuzena izan du handartzetako zerbitzu ezberdinek izan duten erabileraren igoeran, bai kabina kolektiboei dagokienez zein toldo edota bainu lagunduei dagokionez.
Denboraldia hasi aurretik, harea mugimenduak egin ziren, baina aurreko urteetan baino gutxiago, hala ere. Batez ere, hondartzetako kabina eta komunetako sarbideetan metatua zegoen harea kendu da, kota jaitsi eta hondartza orraztu da, zerbitzuak jartzeko.
HONDARTZEN GARBIKETA
Denboraldian zehar, garbiketa zerbitzuko 20 langile arduratu dira Donostiako hondartzak behar bezala edukitzeaz. Hainbat makina erabili dituzte lanerako: bi bahetzaile, hiru traktore, bi lur orotako ibilgailu, gurdi traktore bat, dumper ibilgailu bat eta ontzi bat, badiako ur gaineko hondakinak jasotzeko.
Marisol Garmendiak adierazi duenez, “lehen aldiz jarri ditugu hondakin organikorako zakarrontziak, eta EMAS ingurumen ziurtagiriaren betekizunak bete ditugu; hala, aurten ere lortu dugu ziurtagiri hori. Hala ere, ikusi dugu, edukiontzi horiek jarri arren, zabor organikoaren kilo asko bildu dela errefuserako edukiontzietan; beraz, datorren urtean, agian, komenigarria izango da sentsibilizazio kanpaina bat egitea”.
Hondartza bakoitzean, organikorako hamar zakarrontzi jarri dira; uhartean, berriz, bakarra. Gainerako zakarrontziak honako hauek izan dira: 113 ontziak birziklatzeko (30 Kontxan, 26 Ondarretan, 42 Zurriola eta 15 uhartean) eta 98 errefuserako (29 Kontxan, 16 Ondarretan, 32 Zurriolan eta 30 uhartean).
EGUZKITAKOAK
Toldoek eta eguzkitakoek okupazio handia izan dute aurtengo hondartza garaian. Zehazki, 1.400 eguzkitakotik 1.309 erabili dira, hau da, % 93,5; iaz, ostera, 1.271 eguzkitako erabili ziren, % 90,78.
Kontxako hondartzan, toldo guztiak erabili dira: 440 elementu, 8 egokituak barne. 2018an, erabili gabe geratu zen toldo egokitu horietako bat.
Ondarretan, 198 itzalkin okupatu dira, hondartzan jarritako 424 toldoetatik 208 (2018an 370), eta 98 karpetatik 75 (2018an 77).
Zurriolako hondartzan, erabilgarri zeuden 240 toldoetatik 188 okupatu dira; iaz, ostera, 187 erabili ziren.
Kabina kolektiboetako zerbitzuei dagokienez, 107.916 erabilera erregistratu dira; iaz, berriz, 104.985 izan ziren erabilerak. Hondartzei dagokienez, 68.959 erabilera kontatu dira Kontxan, 27.444 Ondarretan eta 11.513 Zurriolan.
Hondartzaren arabera, 68.959 erabilera kontabilizatu dira Kontxan, 27.444 Ondarretan, eta 11.513 Zurriolan. Horrez gain, 10.993 erabilera izan dira hiru hondartzetako kontsignetan; iaz, 11.333 izan ziren erabilerak.
ONDARRETAKO HARRIAK
“Duela urte batzuetatik Ondarretako hondartzan harrien arazoa izaten ari gara”, adierazi du Gune Publikoetako zinegotzi Marisol Garmendiak. Aranzadiren aholkularitzarekin, aurten 2896,35 tona harri kendu ditugu, eta Ekotradera eraman, garbitzeko, egun hauetan hondartzara itzultzen ari diren harea aprobetxatuz, eta gero birziklatzeko”.