Donostiako jarduneko alkate eta Turismoko zinegotzi Ernesto Gascok "normaltasunaren eta berreskurapenaren" Aste Nagusitzat jo du amaitu berri dugun hau.
Normaltasuna, programatutako ekitaldiak arazorik gabe egin ahal izan direlako eta eragozpen bakarra eguraldia izan delako; hala, egitarauan ia eraginik izan ez badu ere, Txistularien Alardeak nozitu du eguraldiaren ondoriorik zuzenena, bertan behera utzi behar izan baitzuten. Alarde hori irailaren 12an egingo da, 20.00etan, Euskal Jaien egitarauaren barruan. Sexu-erasoen ikuspegitik ere normaltasuna izan da nagusi, Donostiako Aste Nagusian ez dugulako horrelako inolako erasorik jasan zorionez.
Berreskurapena, zenbait eszenatoki berreskuratu dituelako jaiak, hala nola Ondarretako hondartza, edo Antiguako edo Amarako auzoak, edota, azken urteetan publikoaren aldetik izandako atzerakadaren ondoren, Sagueseko musika-eremua berreskuratu delako, eta jaien azken gaua arrakasta handiz ere berreskuratu delako, hainbat kontzertu, berbena, hondartzako zinema eta zezensuzkoak egitarauaren barruan sartuz.
"Berritasunak izan dituen Aste Nagusi bat ere izan da, berritasun horiek egitarauan sartzeko ia astirik izan ez dugun arren, neurri batean aurreko arduradunek egitarau hori finkatuta utzi zutelako", gaineratu du Gascok. Horrela, inguru berri batzuk ezagutu ditugu, hala nola Gernikako Arbolaren Pasealekua –azoka txiki bat eta musika izan dugu bertan–, Markotegi eta bertan egin den goitibeheren jaitsiera, fusio-musikarentzako Ondarretako eszenatokia eta, jakina, su artifizialei amaiera bikaina eman dion "urrezko minutua". "Esperientzia guztiz positiboa izan da –adierazi du Ernesto Gascok–, eta horrexegatik, su artifizialen jaurtiketaren barruan berritasun horiek guztiak nola sartu aztertuko dugu".
Aste Nagusiko ekitaldi guztietan jende askok parte hartu du, bai bertakoek eta bai bisitariek ere. Beti gertatu den moduan, su artifizialek sekulako arrakasta izan dute. Badiaren inguruan jendetzarik gehiena bildu den eguna, hain zuzen ere, larunbata izan da, hilaren 15a, ikuskizun piromusikalak eta amaierako sorpresak erakarrita, eta guztira 100.000 lagun inguru elkartu dira. Gainerako egunetan 75.000 eta 85.000 ikusle inguru izan ditugu, eta hala, aste osoan zehar bertara hurbildutako ikusleak 650.000 lagun izan dira gutxi gorabehera.
Sagueseko kontzertuak jaien ardatzetako bat bilakatu dira berriro. "Joan den urtean, datu ofizialen arabera, % 38 ikusle gutxiago etorri ziren kontzertuetara. Aurtengo edizioan berreskuratu egin da inguru hori, eta oinezkoentzat bakarrik egokituta egon denez, giro aparta eta une zoragarriak bizi izan dira bertan", adierazi du Ernesto Gascok.
Kalkulatzen denez, guztira, 74.000 lagun hurbildu dira kontzertuez gozatzera. MACACOren kontzertuak, hilaren 13an, erakarri du jendetza gehien, eta gutxi gorabehera 13.700 lagun izan dira bertan; atzetik, ROSARIO eta azken eguneko eskaintza, REMEMBER QUEEN izan ditugu, 11.000 ikuslerekin, eta BERRI TXARRAK, 9.500 parte-hartzailerekin. Gainerako kontzertuetan 5.000 eta 7.000 bitartean izan dira ikusleak.
Ikusle kopuruaren rankingean hirugarren tokian, berriz, Illunbe dago, guztira 30.000 lagun bildu dituela, aurtengo lau zezenketak batuta. "Zezenak berriro ekartzeak garai bateko giroa ekarri du Amara Berri auzora, eta horrek, halaber, onura ekarri die inguru horretako taberna eta jatetxeei."
BESTE EKITALDI AIPAGARRI BATZUK
+ Aste Nagusiaren hasiera: inoiz ez da halako jendetzarik bildu. 300 lagunek baino gehiagok parte hartu dute jaiei hasiera eman dien kanoikadan. Easo eta Eskola Abesbatzek urteetako artillerorik onena abestu dute: indartsu, gogotsu eta energiaz beterik. Dantzariek koreografia ikusgarria bezain dibertigarria eskaini digute.
+ Ondarretako zinema: Baldintza meteorologiko kaskarrak izan arren, egitarauan agertzen ziren hiru filmak inolako arazorik gabe eskaini dituzte. Lehen egunean, 350 ikusle elkartu dira, eta azken egunean, 700. Hala eta guztiz ere, hutsunerik handienak –egindako ekaitzaren ondorio– hilaren 14an izan ditugu, 100 lagun ausart bakarrik geratu baitira Simioen Planeta ikustera.
+ Lehen eguneko Gaueko Lasterketa: 300 korrikalarik baino gehiagok argiz, gogoz eta alaitasunez bete dute Aste Nagusiaren lehen gaua. Ibilbidea gogorregia ez zenez, mota eta adin guztietako korrikalariek parte hartu dute lasterketan.
+ Eskolaren emankizuna bere 75. urteurrenean: Konstituzio plaza jendez gainezka egon da. Ikuskizuna zirraragarria eta oso donostiarra izan da. Elkarte honetako partaide izandako lau belaunaldi desberdinetakoek parte hartu dute, hala nola, dantzariek, koruko partaideek, koreografoek... Eta ibilbide bat egin dute gure festarik maitatuenetan barrena: Danborrada, Kaldereroak, Inauteriak, ...
+ Fusio-jarduerak arte-adierazpen desberdinen artean: 2016ko Hiriburutzaren Bulegoaren laguntzarekin, ekitaldi desberdinak antolatu dituzte Elkarrizketak proiektuaren barruan. Horietako batzuk izan dira: Kalakan kontzertua Oreka TX taldearekin, Kubako repentismoa kantu flamenkoekin bat eginda, dantza eta zeinuen hizkuntza uztartuta, euskal dantza flamenkoarekin fusionatuta,... Jendeak oso harrera ona egin die eta etorkizunari begira programazio-ildo berri bat zabaldu dute.
+ Kolorez, erritmoz eta soinuz betetako aste baten amaiera txundigarria su artifizialetan: Sekulako arrakasta lortu du ekimen berri honek. Alderdi Ederretik eta badiaren erdigunetik aldi berean jaurtitako suek orain arte sekula ikusi gabeko efektu optikoa sorrarazi dute. Turismoko zinegotziak egindako proposamen horrek donostiarren nahiz bisitarien txaloak jaso ditu, eta ahogozo paregabea utzi du jaien amaierako une hauetan.
Buruhandi eta erraldoiak, zezen suzkoak, Easo Plazako dantzarako musika, Boulevardeko bandak, Konstituzio plazako folklorea, Kursaaleko DJak, haurrentzako festak, Gipuzkoa Plazako antzerkia, Boulevardeko gaueko emanaldiak, herri-kirolak, gaueko erromeriak, kirol parte-hartzailea, bertsoak, Kursaaleko eskaintza gastronomikoa, haur nahiz helduentzako azokak, txarangak, trikitiak, pilota, artisautza-tailerrak, Sagueseko kontzertuak... Azken batean, 300 jarduera baino gehiago publiko guztientzat.
Kursaaleko terrazetara etorri diren guztiak banaka zenbatuta (sarrera-gune desberdinetatik sartutako pertsona kopuruaren zenbaketa zehatza) Aste Nagusiaz gozatu duen jende kopuru ikaragarriaren ikuspegi nahiko zehatza lor dezakegu: aste erdirako 60.000 lagun igaro ziren bertatik.
Datorren urtean Aste Nagusia abuztuaren 13tik 20ra bitartean izango da. Eta hain zuzen ere, Donostia 2016 Kulturaren Europako Hiriburuaren Aste Nagusia izango da. "Berezia izango da, zalantzarik gabe" adierazi du Gascok. "Dagoeneko baditugu ideia eta proposamen batzuk, eta laster hasiko gara horiek lantzen, datorren urtean gauzatu daitezen".