Donostiako Ingurumen zinegotzi Alfonso Gurpegui sozialistak idazki bat bidali dio Gipuzkoako Itsasertzetako Lurralde Zerbitzuari, eta azterketa bat egiteko eskatu dio, Urumea ibaia —batez ere Donostiako inguru urbanoan— dragatzeko biderik dagoen ikusteko.
Hala, Udalbatzak ekainean onartutako mozio bat gogorarazi du Gurpeguik, eta, beteak beste, ibaia dragatzea eskatzen duela hark. Irabazi ez beste udal talde guztiek onartu zuten mozioa. Abstenitu egin zen Irabazi.
“Iraileko Udalbatzarako ere badugu horrelako beste mozio bat, Alderdi Popularrak aurkeztua, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diona hizpide dugun azterketa hori egiteko. Eusko Jaurlaritzak, ordea, ez dauka eskumenik ibaian; Estatuko Administrazioak ditu horko eskumenak. Izan ere, Urumeak egiten duen bide guztia eremu itsas-lehortarrean dago, eta eremu hori Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko Itsasertz Zerbitzuaren baitan dago”.
“Egia da badirela entitate eta erakunde batzuk ibaiari duen dinamikarekin uztearen alde direnak, bideratu gabe eta dragatu gabe —esan du Alfonso Gurpeguik—, baina egia da, orobat, sedimentu asko pilatu duela ibiak azkeneko hamarkada hauetan (Koipeko errebuelta esaten zaion horretan nabarmen ikusten dira), eta sedimentu horiek, batetik, galarazi egiten dutela nabigazioa eta, bestetik, arazoak sortu eta kalteak eragiten dituztela, batez ere zubiei, ekaitza, olatu handiak eta itsasgora denean".