Donostiako Udalak prest dauka eraikuntzako ordenantzak aldatzeko dokumentua. Horren xedea da puntu kritiko gehiagorik ez sortzea generoaren ikuspegitik, eta modua egitea hiria bizigarriagoa, inklusiboagoa eta gizonentzat eta, bereziki, emakumeentzat ziurragoa izan dadin.
Hirigintza Sostengagarriko zinegotzi Enrique Ramosek adierazi duenez, “1998ko Osoko Bilkurak onartutako Eraikuntza Ordenantza Osagarriak egokitu ditugu. Ordenantza horiek aldatu ziren lehenago ere, 1999an eta 2001ean, eta orain onartuko dugun aldaketarekin, Berdintasun atalak eta emakume talde ugarik egindako eskaerei erantzungo diegu, aspaldi ari baitira eskatzen hirigintza aldetik segurtasuna areagotzeko”.
Zehazki, ordenantza horretako 3. eta 22. artikuluak aldatu dituzte. Enrique Ramosek adierazi duenez, ordenantza berriaren arabera, atariak jendea ibili ohi den gune publikoen parean diseinatu behar dira, eta atariaren barrualdea kaletik ikusi behar da, eta alderantziz; horretarako, material egokiak erabili behar dira, eta argiztapenak ere egokia izan behar du: ahal bada, presentzia detektagailuen bidez automatikoki pizten diren argiak edo beti piztuta egongo diren argiak jarri behar dira”.
“Helburua da atariak ez egotea bigarren mailako kale edo erabilera publikoko espazioetan, eraikinen atzealdeetan edo jenderik ez dabilen zokoguneetan, halako tokiek ez baitituzte betetzen gutxieneko segurtasun baldintzak, batez ere emakumeentzat”, adierazi du hirigintzako zinegotziak. “Atariek, gainera, fatxadaren lerro berean egon behar dute, edo, gehienez ere, metro erdi egon daitezke atzeraemanda. Arkupea duten eraikinetan, erabilera publikoko zortasuna badute soilik utziko da ataria bere hartan; kasu horretan, barruko horma-atala izango da fatxada, eta ez kanpoko pilareak. Atariak lorategia edo terraza badu, sarbidea 3 metro zabal izango da gutxienez, eta betiere hondoa baino handiagoa izango da.
Horrez gain, bizitegi lursailetako sarbideak jendea ibili ohi den erabilera publikoko espazioen aurrean ezarri behar direla esplizitatu da. Irizpide hori bera erabili da garajeetako larrialdietako irteeretan eta bizitegi lursailetako autoentzako sarbideetan ere.
“Beste baldintzetako bat izango da ez sortzea hormarik, zokorik edota pilarerik, oztoporik sortuko duenik, ingurua ondo ikustea eragotziko duenik eta segurtasun eza sortuko duenik”, adierazi du Berdintasuneko zinegotzi Duñike Agirrezabalagak. “Azken batean, aintzat hartu ditugu emakumeen kontseiluak, elkarteak eta taldeak aspaldian egiten ari diren aldarrikapenak”.
Gainera, Agirrezabalagak adierazi duenez, “hiriko puntu kritikoen mapa egiteko eta haren jarraipena egiteko udaleko sailarteko lan taldearen eskaera bati erantzun diote hala, hau da, neurriak hartzea eraso sexistak izatea ahalbidetzen duen puntu kritikorik ez sortzeko. Horrela, hiri bizigarri, inklusibo eta emakumeentzako eta gizonentzako seguru bat lortuko dugu, lasaitasun eta askatasun baldintza egokietan”.