Datorren asteazkenean, azaroak 25, Indarkeria Matxistaren aurkako Nazioarteko Eguna izango da. Donostiako Udalak, aurten ere, bat egingo du egunarekin, eta, horretarako, hainbat ekintza antolatu ditu, hala nola pankartak jartzea udal eraikinetan eta puntu lilak banatzea hirian barrena.
Indarkeria mota horren arazoa konplexua da eta beharrezkoa da erantzun integral bat ematea, bai eta hainbat arlotatik esku hartzea ere, batez ere erakundeetatik. Garrantzitsua da, gainera, herritarrek, gizon zein emakume, inola ere ez onartzea halako egoerak.
Gaurtik, udaletxean eta Goikoa jauregian, emakumeen aurkako indarkeria gaitzesteko pankartak jarrita egongo dira. Zubietan, Herreran eta Igeldon ere, erasoen aurkako pankartak jarri dira. Gainera, puntu lilak banatuko dira Dbusen autobusten, bai eta eranskailuak ere, ibilgailuetan, dendetako erakusleihoetan eta beste hainbat lekutan jartzeko.
“Ez da ez” leloa berreskuratu da, gizarteari eskatzeko ez dadila konplize izan halako delituekin. Aurreko urteetan bezala, Usandizaga institutuko Diseinu Grafikoko Goi Mailako Graduko prestakuntza zikloko ikasleek diseinatu dute kanpaina.
BESTE JARDUERA BATZUK
Antolatutako ekitaldien artean, joan den larunbatean, Kontadoresen, “La mujer sola” izeneko bakarrizketa izan zen.
Hilaren 25ean, Intxaurrondoko kultur etxean, “El iceberg del maltrato, en la base de los micromachismos" izeneko hitzaldia emango du Ainhoa Bergua Aristizabalek, Intxaurrondo Berri eta Lagunak elkarteek antolatuta, 18:00etan.
Egun berean, 19:00etan, Donostiako Koordinakunde Feministak antolatutako manifestazioa abiatuko da Boulevardetik.
Emakumeen Etxeak, berriz, hitzaldi ziklo bat antolatu du, “Indarkeria matxistaren normalizazioa” izenekoa, eta horren barruan izango dira, besteak beste, “El feminicidio también sucede en el Estado Español” (Graciela Antecio), “Feminismo contra la violencia sexista: estrategias y recomendaciones” (Maria Naredo) eta “La violencia machista en los medios de comunicación” (Lucia Martínez).
Gaztelekuetan, “BELDUR BARIK JARRERA” kanpaina/lehiaketa zabaldu da, eta hemendik zorionak eman nahi dizkiegu bertan parte hartu duten guztiei. Donostian 16 lan aurkeztu dituzte, eta azaroaren 28an Amurriora joatera animatu nahi zaituztegu.