Donostiako Udalak laster irekiko du datorren udan Zurriola hondartzan surf klase praktikoak eman nahi dituzten eskolek eskabideak aurkezteko epea.
Aurkezten diren eskolek legalki eratuak behar dute eta jarduera horretarako behar diren baimen guztiak eduki. Miguel Angel Díez Hondartzetako zinegotziak aditzera eman duenez, aipatutako baimenez gain, eskola bakoitzak, gehienez, bi monitore izango ditu, titulu onartuak eta Euskal Surf Federazioak edo Gipuzkoako Surf Federazioak balidatuak dituztenak; eta bosna ikasle monitore eta talde bakoitzeko. Horretaz gain, klub bakoitzeko ikasleek behar bezala identifikatuta egon beharko dute. Plazen %5, gehienez, Udalaren esku utziko dituzte, Udalak gizarte laguntzetarako behar baditu ere.
Hamabi baimenak zozketa bidez esleituko dira. Behar den garaian aditzera emango da zozketa noiz izango den. Zurriola Surf Eskolak ezin izango du zozketan parte hartu, administrazio emakida baitu, 2017ko denboraldia bukatu arte indarrean egongo dena.
Hondartzetako zinegotziak gogorarazi duenez, iaz zazpi eskolari eman zitzaien Zurriolan surf klaseak emateko baimena. Hortaz, aurten ia bikoiztu egin da eskola kopurua.
Surf ikastaroetako klase praktikoek 300 metroko eremu bat hartuko dute, hondartzaren eskuinaldean, esparrua ohiko surfistekin partekatuz. 150 metroko beste eremu bat egongo da ezkerraldean, harri-lubetatik 75 metrora. Han gazteenak arituko dira eta taula bigunak baino ez dira erabiliko. Eskuinaldeko ikastaroak goizeko hamarretan hasi eta arratsaldeko zortzietan bukatuko dira. Ezkerraldean, Kursaalaren aurrean, berriz, goizeko hamarretan hasi eta arratsaldeko hiruretan bukatuko dira, astelehenetik ostiralera, eta goizeko hamarretatik eguerdiko hamabietara larunbat, igande eta jaiegunetan, zinegotziak zehaztu duenez.
Eskola guztiek gutxienez 600.000€-ko gizarte erantzukizuneko asegurua aurkeztu beharko dute.
Eskabideak aurkezteko epea eta zozketa eguna Udalaren web orriaren bitartez iragarriko dira.