Talent House 2011. urtean ireki zen leku ezin hobean, Baenako Dukearen pasealekuan. Gunea bizitokia da, eta ondo komunikatuta dago; beraz, bi ezaugarri oso erakargarriak ditu erabiltzaileentzat. Ikerlarientzako ostatu iragankor honen helburua da tokiko I+G+b zentroei erraztea hirian ikerketa-lanak garatzen dituzten profesionalak eskuratzeko lana, eta helburu hori Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoaren estrategian kokatzen da; hau da, ikerketa, berrikuntza eta zientzia bultzatzen ditu hiriaren eredu ekonomikoa aldatzeko elementu gisa. Izan ere, aldaketa hori funtsezkoa da tokiko ekonomia indartsua izan dadin, aberastasuna ekar dezan eta enplegu kualifikatua sor dezan.
Ikerlariak hartzeko eta integratzeko zerbitzuak talentua erakartzeko eta talentuari eusteko jarduera-ardatzaren barruan kokatzen dira, bai Gipuzkoako hiriburuz kanpotik datorrena, bai beste lekuetan ikasten edo lanean egon ondoren hirira itzulitako tokiko talentua bera. Talent House Egoitzan ostatatzea gehien eskatzen den zerbitzuetariko bat da.
Ekonomia Bultzatzeko zinegotzia den Ernesto Gascok ondorengoa nabarmendu zuen: “Talent House Donostiako apustu giltzarria da, talentua erakartzeko estrategiaren eta nazioarte-mailan zientziaren eta berrikuntzaren hiri gisa kokatzeko estrategiaren esparruan". Horrez gain, ondorengoa azpimarratu nahi izan zuen: “etorkizunerako bidean hiriko agente nagusien lankidetza indartu behar da eta talentuarekin eta gaitasun altuko pertsonekin loturiko garapen-estrategia sakondu, berrikuntzaren benetako gakoa dira-eta".
Talent Houseko maizterren jatorria oso anitza da. Datuen arabera, %77 atzerritarrak dira, 60 nazionalitate ezberdinekoak, eta %23 estatukoa. Jatorriko herrialde nagusia Errusia da (%11), ondoren Alemania %8), Italia (%8) eta AEB (%6).
Talent Houseko apartamentuak modernoak dira, erosoak eta praktikoak. Familia-mota ezberdinentzat diseinatu dira, eta familiei zein bikoteei edo banakoei lehen egunetik hasita eroso sentitzeko aukera eskaintzen zaie. Mota ezberdineko 80 apartamentu daude eta denek erabiltzeko espazioak ikerlariak eta haren familiak hirian lehen ostatua izan dezan. Egonaldietan honako hauek hauta daitezke:
- Gelak: 26 m2-ko gune garbia, egongela eta sukalde-jangela (plakarik gabe baina harraska, hozkailu eta mikrouhin eta guzti), bainugela itxia eta balkoia. Hilean 428 euro kostatzen da.
- Estudioak: 27 eta 35 m2 arteko azalera, egongela eta sukalde-jangela, logela, bainugela eta balkoia. Hilean 567 € eta 578 € artean.
- Apartamentuak: 37 eta 43 m2 arteko azalera, logela independentea, egongela, sukalde-jangela, bainugela eta terraza edo balkoia. Hilean 695 € eta 824 € artean kostatzen dira.
- Familia-apartamentuak: 53 eta 62 m2 arteko azalera, egongela eta sukalde-jangela, bainugela, bi logela eta terraza edo balkoia. Prezioak 868 € eta 972 € artekoak dira.
Talent Housek denek erabiltzeko espazio ezberdinak ditu, egoitzako egonaldia aberasten dutenak eta hirian hobeto integratzeko jarduerak eta erabilerak garatzeko aukera ematen dutenak: bideo-konferentzia aretoak, bilerak eta lana egiteko aretoak, barruko patioa elkartzeko gunearekin, egongela, Kontxako badiara ematen duen kanpoko terraza, garbitegi komunitarioa eta 56 plazako aparkaleku pribatua.
Ikerlarien batez besteko egonaldia 4,6 hilabetekoa da. %65 bakarrik etortzen dira, %24 bikotearekin eta gainerako %11 familiarekin. Bost urte hauetan, Talent Housen ostatu hartutako familietan bi haurtxo jaio dira.
I+G+b Zentro ezberdinetan sortutako ezagutza zientifikoak enpresa-ehunari transmititzea da hiriaren etorkizun ekonomikorako erronka nagusienetarikoa; beraz, herritarrei nahiz Talent Houseko maizterrei eta enpresei ezagutza hedatzea Donostiako Sustapenaren lehentasunezko lan-ildoetarikoa da. Hiriko I+G inbertsioa 194 milioi eurokoa izan zen 2015. urtean; hau da, BPGdaren %2,67koa, Europako %2aren eta Espainiako %1,36ren aurrean. Donostian, I+G arloko 34 agente daude, eta 4.756 pertsona alor horretan ari dira lanean.