Donostiako Udalak, Sustapen Ekonomikoa eta Enplegua Zinegotzigoaren bitartez, 55 urtetik gorako 40 pertsonen kontratazioa jarri du martxan; kontratuek, bataz beste, sei hilabeteko iraupena izango dute.
Bide-garbiketarekin eta aparteko tokietako areken garbiketa-lanekin, instalazioen mantentze-lanekin edo hondakinen ordenantza betetzen dela zaintzearekin lotuta dauden enpleguak dira. Ernesto Gasco, Sustapen Ekonomikoko zinegotziarentzako “kontratu horiek garrantzitsuak dira langabeziaren ondorioak pairatzeaz gain, kasurik gehienetan, duten adinagatik enpresek haiek berriro kontratatzea zail ikusten dutenen biztanleriako sektoreari eragiten dietelako. Kasu askotan, iraupen luzeko langabeak dira eta horiek ere lan-merkatuan aukeraren bat eta enpresen konfiantza merezi dute eta, baita, erakundeen laguntza ere.”
Programa hau 2015eko Donostiako Ekonomia Suspertzeko Planaren baitan sartzen da eta, helburuen artean, Lanbide-n langabetu gisa izena emanda dauden 55 urtetik gorako pertsonen kontrataziora bideratutako enplegua sustatzeko berariazko programak garatzea dago.
Gasco jaunak adierazi du “gure hirian langabezia-tasa txikia dagoela estatuko edo inguruko beste autonomia erkidegoetako bataz bestekoarekin alderatzen badugu. Horrek, ordea, ez du esan nahi lasaitu egin behar dugunik, alderantziz baizik, gure obsesioa enplegua sortzen lagunduko duten eta gure hiriko familia askok pairatzen dituzten gabeziak arintzen lagunduko duten programak eta ekimenak sortzea da”.
2015eko urriko datuen arabera, 55 urtetik gorako pertsonen taldea da enplegua eskatzen dutenen artean ugariena, hirian langabezia-egoeran daudenen %24'5 okupatuz. Guztira zenbatekotuta dauden 10.078 langabeetatik 2.463 55 urtetik gorakoen talde horretan leudeke. Gainera, ikasketa-mailarik txikiena dutenen eta Diru-Sarreren Berme-Errenta kobratzen dutenen artean ugarienak direnen taldea osatzen dute, espedienteen %41arekin.
Inguruabar horiek talde hori lan-merkatuan sartzea asko zailtzen dute; horregatik, hain zuzen, sortzen da enplegua sustatzeko berariazko programa hau, 55 urtetik gorakoei lehentasuna ematen diena. Planak, gainera, hainbat lehentasun ezartzen ditu, honatx: kontratatutako pertsona guztien %40, gutxienez, emakumezkoa izatea eta kontratu guztien %30a Diru-Sarreren Berme-Errentaren titular izatea. Horretaz gain, pertsona parte-hartzaileak eskaturiko funtzioak bete ditzaten prestatzeko eta gaitzeko egitasmo bat ere aurreikusten da, aldez aurretik izan dezaketen prestakuntza edo trebakuntza kontuan hartu gabe.
Programa honen kostua, Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2015eko ekitaldirako enplegua sustatzeko tokiko ekintzak gauzatzeko laguntzen deialdiaren baitan sartzen dena, 458.000 eurokoa da. Udala arduratuko da 55 urtetik gorako 17 langabe zuzenean kontratatzeaz eta gainerako 23ek 'INTEGRA MANTENIMIENTO, GESTION Y SERVICIOS INTEGRADOS, CENTRO ESPECIAL DE EMPLEO S.L. enpresaren bitartez eskuratuko dituzte beren lanpostuak.
Donostiako Udalak aurreikusita dituen jarduerak honako hauek dira:
1) Landa-eremuetan edo hirigunetik aparte daudenetan areken garbiketa-lanak. Areken garbiketa uren isurketa, horretarako gaitutako bitartekoetan barrena, kanalizatzeko zeregin prebentiboa da, urek libreki korritzea eragotziz bereziki babestutako zonatan eta hiriko zuhaizti inguruetan kalte larriak eragin ez ditzaten. Altza, Igeldo, Urgull, Ulia eta abarretako hainbat bidetan eta inguruetan areken garbiketa-lanak egitea aurreikusten da. Taldea 5 pertsonek osatuko dute.
2) Instalazioen mantentze-lanak. Edateko ura banatzeko sarea osatzen duten elementuetan mantentze-lanak eta horietan gerta daitezkeen ihesak lokalizatzeko lanak ezinbestekoak izango dira, batetik, banaketa-sarean ihesak murrizteko eta, bestetik, elementuen ohiko erabiltzaileei (suhiltzaileak, bide-garbiketa, lorategiak eta abar) arazoak eragiten dizkieten elementu horiek aldatzeko. Taldea 2 pertsonek osatuko dute, zehazki, edateko uraren banaketa-sarearen mantentze-lanak egiteko eta gerta daitezkeen ihesak konpontzeko gai izango diren bi iturginek.
3) Hondakinen eta bide-garbiketen Ordenantza betetzen dela ziurtatzeko zaintza-lanak. Indarrean dagoen Ordenantzaren arabera, zaborren edukiontziak ikuskatzea eta kontrolatzea beharrezkoa izango da hiritarrek, merkatariek eta ostalariek egiten duten haien erabileraren harira. Erabiltzaileek erabilera okerra egiten dutenean, haiek informatzea eta erabilera okerra zuzentzea da xedea Zerbitzuak beharrezko irizten dioenaren berri pertsona erabiltzaileei emanez. Bestalde, sistemari buruzko informazioa bildu behar da kalean zuzenean eta hori Zerbitzuko arduradunei helarazi behar zaie garbiketa eta zaborren kontrataren lana kontrolatzeaz gain. Taldea 10 pertsonek osatuko dute, zehazki, 8 langilek eta taldeko buru egingo duten beste 2 pertsonek; horiek aipaturiko Ordenantza betetzen dela ikuskatzeko eta gainbegiratzeko gai izan behar dute.