El Sol Publizitate Jaialdia Bilbora joan zitzaigun 2012an, baina orain albiste ona jaso du gure hiriak: Donostia “C” Jaialdiaren egoitza izango da datozen hiru urteotan. Sortzaileen Klubak antolatzen du, hau da, Estatuan egiten den sortze lanaren kalitatea hobetzeko lan egiten duen erakunde batek, publizistek osatua.
Ernesto Gasco Donostiako Turismoko zinegotziak adierazi duenez, “SSTurismoren eta Kursaalen lanari esker lortu da lehiaketa Donostiara ekartzea. Izan ere, bi erakunde horiei interesatzen zaie sektoreko bilera profesionalak erakartzea gure hirira, Donostiak bileren turismoaren merkatuan duen lekuari eusteko asmoz".
“C” Jaialdiaren aurreko edizioek Iruñea izan dute egoitza eta, batez beste, 800 lagunek hartu dute parte. Bi egun irauten du eta, bertan, publizitate grafikoko, irudiaren sektoreko eta interneteko lanak lehiatzen dira. Horretaz gain, hitzaldiak ere izaten dira eta nazioartean garrantzia duten publizitate munduko pertsonak aurkezten dira.
Jaialdia, 2004an jaioa, apirilean egin ohi da. Profesional asko ekarriko ditu gure hirira. “Bete gabe genuen oraindik El Solek utzitako hutsunea. Izan ere, galera hori kaltegarria izan zen Donostiako negozioetarako, batez ere, hoteletarako eta, oro har, hirugarren sektorerako. Orain, hitzordu berri hau bultzatuko dugu erabakitasunez, Donostiak, zinezko hiriak, berriro izan dezala bere tokia publizitatearen sektorean", esan du Ernesto Gascok.
Jaialdiarekin batera, “A” eguna ere izango da: sortzaile eta iragarleak (70 lagun inguru) sektoreari buruz mintzatzeko biltzen dira. Lehiaketa baino lehen izaten da egun hori.
Donostiara iritsi den publizitate lehiaketa honek laguntza eta babes ekonomikoa jaso du hainbat erakundetatik: Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Departamentua, Basquetour, Kursaala, Hotelen Elkartea eta Gipuzkoako Ostalaritza Elkartea.