“Enpresa-ehundura irmo bat sustatu nahi dugu balio-kate osoan, eta sektorea gure kultura gastronomikoak nazioartean duen inpaktuari lotu”, esan zuen Ernesto Gasco Sustapen Ekonomia, Ostalaritza, Merkataritza eta Turismo Saileko zinegotziak Guztiona Klusterraren Jarduera Planaren aurkezpenean. Halaber, honela erantsi zuen: "Gure helburua eskaera areagotzea da tokiko produktua balioan jartzearen eta hura hirugarren sektorean sustatzearen bidez, eta, horretarako, nekazaritzako ekintzailetzari laguntzeko programak ezarriko ditugu eta enpresetako lehiakortasuna hobetuko dugu”.
Cibus 2016 Parma, maiatzaren 9tik 12ra egingo den elikagaien nazioarteko erakusketak garrantzi handia dauka nazioartean, eta, horregatik, sektorearekin zerikusia daukaten profesional eta enpresa guztientzat ezinbestekoa da hitzordu horretara bertaratzea, bertan berritasun eta produktu berriak topatu eta merkataritza-harreman garrantzitsuak ezar ditzaketelako.
Klusterraren 2016rako Jarduera Planak zenbait proiektu aurreikusten ditu hirian, hala nola Donostia Urban Lur, ekintzaileei landa-lursailetara sarbidea erraztea xede duen ekimena. Beraz, erabilera hori eman ahal zaien lursail publikoak identifikatu dituzte. Gainera, ekoizpen- eta ezagutza-bitartekoak komunean jartzeko lankidetza-metodologia bat garatzea aurreikusten da.
Planak “Kilometro zeroko hotelak” ere barne hartzen ditu. Proiektu pilotu horren xedea ekoizleak eta haien produktuak hiriko hoteletara hurbiltzea da, produktu horien kontsumoa sustatzeko bezeroen gosarietan, menuetan edo logelako kartetan. Orain arte, bederatzi hotelek erakutsi dute tokiko produktua eskaintzeko interesa, eta zazpi dira ekimenean parte hartzen duten ekoizleak.
Abian jarri den beste ekimenetako bat 'Tokiko benetako zaporedun produktuak' dira. Bertan Merkatari Elkarteek hautatutako 19 saltokiek hartzen dute parte, eta tokiko produktua egurrezko kutxa baten bidez identifikatutako gune batean erakusten dute, bezeroek produktu hori lokalizatu ahal dezan.
Azpiegituren atalean azpimarratu behar da Klusterrak 2015etik Villa Yeyette udal-titulartasuneko eraikina duela; Intxaurrondo auzoan dago eta zerbitzu anitzeko instalazioak ditu. Sukaldea guztiz hornituta dauka: 15 su, labea, plantxa, ontzi-garbigailua, hozkailua eta sukaldeko tresna ezberdinak; eta gune osagarria sarreran, erakusmahai moduan erabiltzeko, topagunerako, catering-ak eta dastatzeak egiteko, etab. Gelak ditu ere prestakuntzarekin eta dibulgazio-jarduerekin zerikusia daukaten jarduerak burutzeko: jardunaldiak, hitzaldiak eta mintegiak. Halaber, enpresentzako alokairuko lokalak eskaintzen ditu, eta coworking guneak ere bai.
Une honetan Guztiona Klusterraren parte dira hamalau ekoizle, bi Ekoizle Elkarte, bi saltoki, lau ostalaritza- eta turismo-establezimendu, zazpi zerbitzu-establezimendu eta fundazio bat. 2015ean zehar hiru kide gehitu dira: Triple A, Karabeleko, eta Alkhemy Laboratory. Guztiona Klusterrean parte hartzen dute ere prestakuntza-zentroek, Merkatari Elkarteek, hotelariek eta ostalariak, fundazioek, ikerkuntza-zentroek eta landa-garapeneko agentziek.