Martxoaren 8an Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatzen denez gero, aipatu data gogorarazteko hainbat ekintza bultzatzen eta sustatzen ditu Donostiako Udalak. Emakumeen eta gizonen arteko eskubide eta aukera berdintasuna lortzeko egunean-egunean emakumeen elkarteek edo mugimendu feministek egiten duten lana aitortzeko, erakunde adierazpen bat onartu du Donostiako Udalbatzak, eta udal taldeen ordezkariek irakurriko dute martxoaren 8an (asteartea).
Aho batez onartu zuten erakunde adierazpena otsailaren 25eko osoko bilkuran, eta horren 15 akordioek ondokoak aldarrikatzen dituzte: erakunde guztiek emakumeen eta gizonen arteko berdintasun balioak berrestea; emakumeen aurkako indarkeria mota guztien aurka borroka egitea; gerratik eta jazarpenetik ihesi Donostiara heltzen diren emakume eta adingabe iheslarien beharrez arduratzeko konpromisoa; berdintasun politika aktibo, integral eta parte-hartzaileak sendotzeko konpromisoa; udal kaletegia aztertu eta emakume izenak sartzeko konpromisoa; idazkietan hizkera ez-sexista eta inklusiboa erabiltzea; puntu kritikoen mapa lantzen jarraitzea, eta emakumeek eta talde feministek antolatutako mobilizazioei atxikitzea.
Berdintasuneko zinegotzi Duñike Agirrezabalagak adierazi duenez, “Udalak hezkuntza ez-sexista baten alde egiten du. Hala, lan lerro horretan esku hartu behar dute udal atal guztiek”. Hezkidetza txertatu du haur txoko eta gazte lekuen sareak bere hezkuntza programa guztietan (Berdintasun Ipuinak, Txapak Sortzen, Antzerkitxoak Sortzen, Berdintasun Dominoa, eta zenbait lantegi: Kantak Aztertzen, Emakumeak Ez Gara Printzesak, Historiako Emakumeak, Horma irudiak Sortzen, Autodefentsa Feminista), bai eta martxoaren 8aren inguruan ekintza bereziak antolatu ere.
“Egun egiten dugun lana izango da berdintasunezko gizarte baten etorkizunaren oinarria, batez ere umeei helarazten diegun hezkuntza ez-lerratuan. Horixe da administrazioak egin dezakeen inbertsiotik onena: Berdintasun Hezkuntzan inbertitzea”, nabarmendu du Agirrezabalagak.
Azken urteotan ohi bezala, erakundeek auzoetan —urte osoan haietan baitihardute— antolatzen dituzten ekintzak eta abar jasotzen ditu egun honen inguruko ekitaldien programak.