Joan den abenduaren 31n amaitu zen Herri Partaidetza Zerbitzuak Carlos I.aren hiribidearen inguruan antolaturiko galderari eginiko erantzunak jasotzeko epea, helburua zelarik oinezkoentzako lurrazpiko pasabidearekin zer egin erabakitzea, egun ia-ia erabiltzen ez baitute Udalak inguru hartako bide bilbea birmoldatu eta lurrazalean semaforodun igarobideak ezarri dituenetik.
Herri Partaidetzako zinegotzi ordezkari Duñike Agirrezabalagak nabarmendu du “amaratarrek erantzun egin diotela Udalak eginiko galderari”. Gauza zen esatea ea egungo lurpeko pasabideak iraun behar ote duen, bizikleta aparkaleku arautu moduan, ala kendu behar ote duen Udalak, Eustasio Amilibia eta Carlos I.a kaleetako auzotarrentzako guneak sortzeko.
“Galdeketaren ondorioz, pasabidea kentzearen aldekoak izan dira botoen % 65,4 (1.899), eta, % 32,5, bizikleta aparkaleku bihurtzearen aldekoak (939 boto). 55 boto nulu ere zenbatu ditugu”, adierazi du Duñike Agirrezabalagak.
2.883 boto, guztira. Azaroaren amaieran, 15.000 liburuxka bidali zizkien Donostiako Udaleko Herri Partaidetza Zerbitzuak Madril hiribideak eta Errondo pasealekuak mugatzen duten aldeko auzotarrei, aukeretako baten alde egin zezaten.
“Nik zera nabarmendu nahi dut, parte hartu egin dutela Amaraberriko auzotarrek, izan ere, botoen bidez, aurkeztu genien aukeretako baten alde egin baitute”, azpimarratu du Duñike Agirrezabalagak. “Galdeketa ez zen loteslea, esan genuen moduan. Orain, udal Gobernuari dagokio erabakitzea, erreferentzia hartuta galdeketaren emaitza. Galdeketa hori ez da izango legealdi honetako azkena”.
Batez ere, azaroaren 30ean eta abenduaren 1ean jaso zituzten erantzunak, ia mila bana boto eguneko. Gainerakoak, abendu osoan, noiz gehiago noiz gutxiago.