Donostiako Udal Gobernuak berriz jarriko du Iparreko Geltokiaren ondoko arkupea, autobus geltokiko lanak amaitu eta gero.
Enrique Ramos Hiri Proiektuetako zinegotzi sozialistak adierazi duenez, Bradenburgoko Atea esaten zaion arkupea autobus geltokiko lanak hasi aurretik desmuntatu zen eta, haiek bukatutakoan, berriz jarriko da.
Ramosek esan duenez, arkupeak “ez da hasiera batean jarri zena. Izan ere, jatorrizkoa 80koen hamarkadaren hasieran kendu zen eta, haren ordez, erreplika bat jarri zen, balio gutxiko elementuz eta materialez egina (batez ere, hareharriz estalitako hormigoia).
Nolanahi izanda ere, oraingo geltoki berria egiteko, arkupea desmuntatu baino lehen, haren elementuak digitalki eskaneatu ziren, puntu-hodei baten bidez. Hortaz, berriro jartzen denean, elementuren bat kaltetua izan bada, berriz egin ahal izango da, eta arazorik gabe jarriko da berriro.
Arkupeko piezak biltegiratuta daude eta, kontratuan sinatu zenez, geltokia egiten ari den Aldi Baterako Enpresa Batasunari dagokio berriz jartzea. Abenduan edo urte hasieran egingo dute lan hori, geltokia amaitutakoan.