Donostiako hainbat aldetako haur jolastokiak berritzeko kanpaina bat hasi du Donostiako Udalak. Lehena, Buenavistako Batelarien plazara iritsi da, inguruan zeuden bi parke zaharkitu ordezkatzeko.
“Alde berri horrek txirristak, balantzatxoak eta zabuak ditu, eta Kasares pasealekukoa ordezten du, gunea oso zaharra zelako, eta etxeetatik urrun zegoelako, bai eta Berra Behea aldekoa ere, hura ere txiki eta ezkutatu samarra, non gazte batzuen gizalegezko jarrera zela kausa arazoak izaten ziren”, adierazi du Espazio Publikoetako zinegotzi Marisol Garmendia sozialistak.
32.670 euroko kostua izan du Batelarien plazako parke berriak.
Garmendiak adierazi duenez, datorren astean, Altza auzoko Roman Irigoien plazako haur parkea berrituko dute. “22 urte ditu gaur egungo haur jolastokiak, eta berritzeko garaia iritsi da. 36.507 euroko aurrekontua du esku hartzeak, eta ordezkatzeko prozesuak astebete iraungo du, gutxi gorabehera”.
Etxadi erdialdeko parkea izango da berritu beharreko hurrengoa, 1996an jarri baitzuten hango jolastokia. Esku hartze honek 41.000 euroko aurrekontua du, eta irailaren 9tiko astean hasiko da.
“Antigua auzoan dago kanpaina honetan berritu beharreko azken parkea. Gorgatxo plazan dago, pilotalekuaren eta auzoko elizaren atzeko aldean, eta 1995ean instalatu zuten jolastokia. Etxadiko berrikuntza amaitzen denean hasiko dira berritzen. 32.670 euroko aurrekontua du”, azpimarratu du Marisol Garmendiak, bai eta nabarmendu ere “parke hauetako jolastoki guztiek 20 urte gainditu dituztela eta haien bizi zikloa soberan bete dutela uste dugu”.
Eguraldiaren araberakoa izango da obra prozesua, kasu guztietan, lurrean jartzen den goma ezin baita zabaldu euripean.