Ernesto Gasco y Alfonso Gurpegui
2016ko Haur Danborradak sukaldarien barrilak izango ditu, lehen aldiz, bere konpainietan. Haur danborraden biltzarrak onartu zuen, duela hilabete batzuk, neurri hori. Aldaketa bat ekartzen dio desfilearen filosofiari, orain arte uniforme militarren desfilea baino ez baitzen, Alfonso Gurpegui Festa Jardueretako zinegotziak esan duenez.
Haur Danborrada osatzen duten konpainiek onartutako akordioak dio ikastetxe batek nahi badu sukaldariak-barrilak sartu beren lerroetan, gutxienez hamabi umek eraman beharko dutela sukaldari jantzia, hau da, bi sukaldari lerro beharko direla. Barrilak sartu nahi dituzten konpainiak danbor-joleen ordez sartu ahal izango dituzte edo, bestela, beste bi lerro gaineratu konpainiari.
Ernesto Gasco Turismoko zinegotziak esan duenez, ikastetxeak aldatzera animatzeko, kontu-sail osagarri bat onartu da, jantziak eta barrilak ordaintzeko. Diru laguntza konpainian sartzen den sukaldari kopuruaren araberakoa izango da. Hala, bada, eskatutako gutxieneko kopurua (hamabi sukaldari) sartzen dituzten ikastetxeek 60 euro jasoko dituzte jantzi bakoitzeko. Diru laguntzaren muga zein izango den oraindik ez da erabaki.
Sukaldaria Haur Danborradan sartzea, ikastetxe batzuek aspaldi eskatuta bezala, txikien desfilea helduen danborradetara egokitzea da. Ernesto Gascoren esanetan, horrela, donostiarraren figurak ere izango du leku bat Haur Danborradan; orain arte uniforme militarren desfile ikusgarria baino ez zen, oso deigarria, hala ere, bere diseinuagatik, apaingarriengatik eta aukera handiagatik. Hori ez da aldatuko, ikastetxeek jarraituko dute beren uniformeak erakusten, haiek identifikatzen dituztelako, besteak beste; baina nahi dutenek sukaldariak sartu ahal izango dituzte, duela urte batzuk urketariak sartu ziren bezala.
DIRU LAGUNTZA GEHIAGO DANBORRADETARAKO
2016. urteari begira, Udal Gobernuak erabaki du diru laguntza handiagoak ematea danborradei.
Haur Danborradari iaz emandako diru laguntza 37.920 eurokoa izan zen. Aurten halako bi emango zaio, sukaldariak sartzen laguntzeko eta, hala, 75.840 euroko kontu-saila egongo da aurten.
Bestalde, Helduen Danborradaren kontu-saila 97.258 eurokoa izan zen iaz. Aurten, 22.750 euro gehiago izango ditu eta, hortaz, 120.000 eurokoa izango da. Alfonso Gurpeguik azaldu duenez, kontuan hartu behar da aurten diru laguntzak emango zaizkiela, baita ere, hamar danborradei, berriak direlako edo misto bilakatu direlako. Hortaz, diru laguntzen igoera ez da hain nabarmena izango danborrada hauek jasoko dituzten diru laguntzengatik. Igoerak, danborrada berriak sortzeak diru laguntzetan duen eragina arintzen du.