Eragozpen asko eragiten duen ohitura txarretariko bat da kalean pixa egitea.Donostiako Udalak ohitura txar hori ezabatzeko kanpaina hedatu du. “Itxi iturria – Cierra el grifo” lelopean kanpainako kartelak ezarriko dira Parte Zaharreko eta Kaiko pasealekuko hainbat puntu estrategikotan.
“Azken finean, hiritarrak kontzientziatzea da helburua, bereziki gazteenak konturatu daitezen kalean pixa egiteak guztiongan eragin zuzena duela”, azaldu du Bide Publikoetako zinegotziak. “Eraikinak kaltetzen ditu, bizilagunei eragozten die, usain eta egoera desatseginak sortzen ditu. Zergaitik jarraitzen dugu gure hiria modu honetan zikintzen?”
Kanpaina baliatuz, pegatinak banatuko dira ostalaritzako lokaletan eta komertzioetan, ohitura honekin amaitzeko beharra dagoela nabarmentzeko.
Nolanahi ere, Udalak gogorarazten du ostalaritzako lokal guztiek komunak irekita eta baldintza egokietan eduki behar dituztela, eta jende gehien ibiliko den puntuetan komun kimikoak ezarriko direla, horrelako arazorik ez egoteko. Komun kimiko hauek jai eremu nagusietan egongo dira, behar bezala seinaleztatuta.
Bide publikoan pixa egitea debekaturik dago indarreko Gizabideari buruzko ordenantzako 19.1 artikuluan eta 10.000 euroko isunarekin zigortua izatera iritsi daiteke.
USAINA KENTZEN DUEN BAKTERIA
Guztion nahia pixarekin amaitzea izan arren, jende askok ohitura txar horrekin jarraitzen du. Ekintza horren eragina gutxitzeko asmoz, usainei dagokienez batez ere, espezializatutako enpresa bat kontratatu du Donostiako Udalak eta duela aste batzuez geroztik produktu bat botatzen ari da. Bakteria berezi bat duen produktua izanik, pixaren usaina jaten du.
Bioactryn DC-100 izeneko produktua da, bakteria ez patogeno bat du usain txarrak sortzen dituen materia degradatzea ahalbidetzen diona. Menta limoizko usaina duen produktua asteazkenero bota dute duela hilabete batez geroztik eta aplikazio-eremuak egunero ureztatu dituzte mikroorganismoa bizirik mantentzeko.
Produktua honako leku hauetako harresian aplikatu dute: Pasaleku Berrian. Saguesen, Zurriolako pasealekuan, Kaiko pasealekuan, Kontxako sarreretan eta Donostiako Parte Zaharrean.
BIDE GARBIKETAREN ERREFORTZUA
Festetan hondakin asko sortzen da beti eta sarritan hiriko zakarrontziek gainezka egiten dute. Horretarako, garbiketako zerbitzuek Aste Nagusiko EGUN GUZTIETAN plan intentsibo bat gauzatuko dute jai eremu nagusietan, hiria behar bezalako egoeran mantentzeko.
Garbiketako lantaldea 143 pertsonak osatzen dute, eta ibilgailu eta makinak (mangerak, eskobatzeko makinak, haize-makinak...) erabiltzen dituzte zeregin ezberdinetarako.
Lanaldia bostetan hasten da Askatasunaren hiribidea eta Boulevard arteko eremuan, mangera bidezko lanekin. Pixkanaka, beste zerbitzuak sartuz joaten dira: zabor bilketakoak, garbitzaileak, espaloi garbitzaileak, zaborrontziak hustutzen ditztenak eta fregatzaileak.
Garbiketarako zerbitzu bereziak daude su artifizialen esparruaren inguruan, bertan hondakin asko sortzen da-eta; Sagues inguruan, kontzertuak izaten direlako, eta, arratsaldeetan, zerbitzu gehigarri bat itsasertzeko eremuan, Boulevardean, Parte Zaharrean eta Zurriolan. Abordatzerako ere beste gailu bat jarri dute abian, bertan parte hartzen duten baltsen eraikuntzan erabilitako material guztia biltzeaz arduratzen direnekin elkarlanean. Kaiko pasealekuan zerbitzu berezi bat egongo da, jende asko dabilen lekuan. Bertan, eszenatokiaren atzean, 1.000 litroko edukierako bi edukiontzi ezarriko dituzte plastikoentzat (kristalezko edalontziak debekatuta daude) eta 1.000 litroko beste bi edukiontzi botilen birziklapenerako. Gainera, txosnei 120 litroko 8 edukiontzi banatuko zaizkie bildutako botilentzat.