Guztira, 9,06 milioi euroko inbertsioarekin, Garapen Ekonomikorako Donostiako Udalak Donostiako Sustapenaren bitartez abian jarritako DonostiaUP! 2018 Planari esker, hiriko BPGd 7.735 milioi eurora iritsi da, aurreko urtean baino %3’8 gehiago. Azken lau urteetan, DonostiaUP! Planen bitartez 4.150 enplegu eta 1.057 enpresa berri sortzea lortu da, ekonomia sustatzeko abian jarritako programa ezberdinetarako guztira 30 milioi eurotik gora egindako inbertsioarekin. Funtsezko ardatza hauek izan dira: pertsonak, berrikuntza, talentua eta hiriko smart garapena.
Ernesto Gasco alkateordeak eta Ekonomia Bultzatzeko zinegotziak ondorengoa adierazi du: “amaitzen den legegintzaldian Alkateordetza honetatik ekonomia sustatzeko Donostia UP! Planaren inguruan egindako ahaleginak datu oso positiboak utzi ditu jarduera-eremu ezberdinetan. Modu horretan, aurreko ekitaldiko adierazleei eta azken lau urteetan enpleguan, ekintzailetzan, enpresetan, berrikuntzan eta talentuan pilatutakoei gehitu behar zaie hiriak izandako bilakaera sozio-ekonomikoa, erregistro historikoak izan baititu enpleguaren nahiz BPGd-aren hazkundearen aldetik".
Giza kapitala, enpresen lehiakortasuna eta lurralde-kohesioa bezalako kontzeptuetan oinarritutako estrategiaren bitartez, DonostiaUP! 2018 Planak enpleguaren kalitatearen eta berdintasunaren inguruko erronkak gainditu ditu. Ildo horretan, 2018ko balantzearen arabera, kopuruak 2017koen antzekoak dira enplegu berriari dagokionean, 1.037 lanpostu sortu baitira, eta %49’7 emakumeenak. Enplegu horien 778 besteren konturakoak izan ziren eta %54 merkataritza eta ostalaritza sektoretakoak. Donostiako Sustapenak lan-orientaziorako zerbitzua eman zien 702 pertsonari, %54 emakumeak.
Hiriko langabezia-tasa gutxiengo historikoetara itzuli da, %8’7ko langabezia-tasarekin; beraz, tasarik baxuena duen euskal hiriburua dela esan daiteke, Bilboko 14’1aren eta Gasteizko 12’3aren aurrean. Donostian enplegurik gabeko 7.706 pertsona daude erregistratuta, eta horietatik soilik 1.027 30 urtera bitarteko gazteak dira. Langabezia-indize handieneko auzoa Intxaurrondo da, eta jarraian Martutene eta Loiola daude; langabezia-tasa txikienekoa, berriz, Miramón Zorroaga da. DonostiaUP! Planak 45 urtetik gorako langabeentzako neurri espezifikoak jarri zituen abian, enplegua sustatzeko programaren eta orientazio-zerbitzuaren bitartez, eta talde horretako pertsonei 103 kontratu egin zizkien.
Iazko ekitaldian, 267 enpresa sortu ziren, aurreko 222 enpresaren aurrean, eta DonostiaUP! Planeko programak gehitzen joan ziren, berrikuntzarekin lotuak; hala nola, Talentu Berritzailea laguntzak edo Bonu Teknologikoak. Talentua erakartzeko eta kontratatzeko estrategiaren esparruan, 121 pertsonak atera die etekina programa ezberdinei: Egoitzak, Talentuaren Itzulera, Talentu Berritzailea, Investiga Laguntzak edo Connecting Talent Bekak. Horrez gain, ikertzaileentzako Talent House egoitzan, 2018. urtean 310 pertsona hartu ziren. 2012an inauguratu zenetik, 2.200 lagun ostatatu dira higiezin horretan, horietako 1.800 ikerlariak.
Enpresentzako laguntzen kapituluan, aurrekontua %40 gehitu zen, guztira 1’8 milioi euro, eta ia 300 enpresari (aurreko urtean 231) zerbitzua, laguntzak eta sustapena emateko erabili dira. Halaber, ekintzaileen 57 proiektu berritzaile babestu dira, aurreko ekitaldian baino %60 gehiago, programa ezberdinetan: PUC, Explorer edo Ekin+.