Udal gobernua, Merkataritza eta Sustapen Ekonomikoko zinegotzigoaren bitartez, lanean ari da hiriaren merkataritza erakarmena hobetzeko, ahalik eta lanpostu kopururik handiena erdiesten ahaleginduz eta Donostia “merkataritzarako eta erosketetarako” hiri bilakatuz, bere ekonomiaren funtsezko elementu gisa.
Ernesto Gascok adierazi duenez, “auzoetako merkataritzaren berezitasuna da lantzen ari garen elementuetako bat, lankidetza publiko-pribatua sustatuz, espazio hori biziberritu dadila ahalbidetuz, auzotarrek berek erabili eta baliatu ahal izan dezaten”.
Hiriko bi auzok merkataritzari begira dituzten itxaropenei buruz eta bizi duten egoerari buruz egindako azterlan oso bana ikertu zituen atzo hiriko Merkataritza Kontseiluak. Bi auzo horiek Amara Berri eta Egia dira.
Amara Berriri dagokionez, 348 merkataritza establezimendu ditugu bertan, eta hiri osoan merkataritza-ezarpenik handiena duen hirugarren auzoa da, biztanlez lehena izan arren.
Ernesto Gascok adierazi duenez, “azterketa horren arabera, amaratarrak sarritan joaten dira auzoko elikagai-dendetara, baina aldiz, arropa eta oinetakoak erosi behar dutenean, Erdialdera joaten dira erosketak egitera. Beste alde batetik, beren iritziz, bai Karlos I. errepideak, bai Erdialdetik bereizteko mugarri gisa egiten duen Pio XII. biribilguneak eta bai Loiolako Erriberara joateko aldapak ere baldintzatu egiten dute hirigintza aldetik auzoa. Alderdi negatibo horiek nolabait ere leunduta geratzen dira Anoetan partidak jokatzen dituztenean edo bestelako ekitaldiak egiten dituztenean, merkataritza eta ostalaritza bultzatzen baitute.”
Ikei enpresak egindako txosten horretan biziberritzeko eta hobetzeko egiten diren proposamenen artean zenbait jarduera jasotzen dira, hala nola “Gobernuaren Azpiordezkaritzaren eraikina berreskuratzea, Pio XII. iturriari soinua eranstea, auzoko inguru batzuetako zuhaitzetatik artilez egindako lanak zintzilikatzea, Morlans ikastetxeko jolastokiaz baliatzea azoka txiki bat edo aire libreko zinema-areto bat egiteko, Felipe IV.ko jolastokietan 3x3 moduko kirol-txapelketak antolatzea, Eustasio Amilibia parkean baso sorgindu bat sortzea, Soldaduen Plazan eszenatoki bat prestatzea urtean zehar hainbat ekitaldi egiteko, Irun Plazako iturria iturri interaktibo bilakatzea eta abar.
“Azterlan horrek erakusten du Amara Berriko saltokiek borondate garbia dutela beren jarduna biziberritzeko eta gainerako hiriarentzat erakargarri bilakatzeko”, Ernesto Gascok adierazi duen moduan.
Merkataritza Kontseiluan atzo ikertutako beste azterlan bat Egia auzoari buruzkoa da; biztanleria kontuan hartzen badugu, bertan bizi da hiri osoaren % 8. 127 merkataritza-saltoki ditugu bertan, hau da, Donostia osoko merkataritza-eskaintzaren % 4,4 (7. auzoa da merkataritza-presentziari dagokionez).
Amararekin gertatzen den moduan, auzotarrek Egian bertan erosten dituzte elikagaiak, baina Erdialdera joaten dira beste era bateko produktuak erostera, oinetakoak eta arropa bereziki.
“Garrantzitsuena auzoaren irudi berria sustatzea da, autobus-geltokia eta, bereziki, Tabakalera abian jarriz, merkataritza aldetik hazten joan dadin, eta era horretan, erosleak hiriko beste inguru batzuetara joan daitezela ekidingo dugu orografia zail samarra duen auzo honetan”, gaineratu du Ernesto Gascok.
Azterlan horretan aurreikusten diren jardueren artean, “Balizko Haizearen Orrazia II aipatzen da Teresa Kalkutakoan tren-pasabidearen azpian, eta era horretan hobetu egingo dira oinezkoen joan-etorriak, merkataritza sustatuz, eta espaloiak ere hobetu egingo dira Egia kaleko trafikoa ere motelduz.
MERKATARITZA ORDUTEGI LIBREKO EREMUAK ZABALTZEA
Gobernu Batzordeak merkataritza ordutegi libreko eremua Parte Zaharrera hedatzea onetsi du, Ekialdeko Zabalgunea eta Zurriolaren aurrealdea ere barne hartuz.
Donostiako Udaleko Merkataritzako zinegotzi Ernesto Gascok adierazi duenez, “Alde Zaharreko eremu osora hedatzeak konpondu egiten du Bilduko gobernuaren aurreko adierazpenak bete gabe utzitako hutsunea. Horren bitartez lortu nahi dugu, merkataritza ordutegiak libre utziz, bai Bretxako ingurua eta bai Ekialdeko Zabalgunea ere biziberritu daitezela”.
Gascok gogoratu du merkataritzarako ordutegien liberalizazio hau nahitaezkoa zela, Espainiako Gobernuaren dekretu baten zela eta. “Orduan, Bilduk gobernatutako udalak Alde Zaharreko eremu bat hautatu zuen dekretu horretarako egokitzat. Gure iritziz, Alde Zahar guztiak, turismorako erakarmen handia duen inguruetako bat denez, eduki behar du merkataritza-ordutegietarako askatasun hori, eta aukera eman behar die bisitariei beren erosketak egiteko eta hiriko saltokiei beren negozioak garatzeko eta, kasuren batean, kontratazio berriak egin ahal izateko, enplegua sortuz”.
Zurriolaren aurrealdea ere barneratzea, bestalde, bertako hondartzak eta bertan egiten diren kirol-jarduera desberdinek –surfak nagusiki– eskaintzen duten erakarmenari zor zaio. Merkataritza ordutegien askatasun hori urte osoan aplikatuko da, eta ez bakarrik udako hilabeteetan.