Donostiako Udalak bat egingo du, apirilaren 8an, Ijito Herriaren Nazioarteko Egunarekin. Duela 45 urte, data horretan, Rom Herriaren Munduko Biltzarra egin zen, eta, han, ijitoen bandera eta Djelem, Dejelem ereserkia ofizialdu zituzten.
Berdintasuneko eta Lankidetzako zinegotzi Duñike Agirrezabalagak gogoratu duenez, “gizartearen parte handi batek oraindik ere baztertu eta estigmatizatu egiten du ijito herria, eta, horren ondorioz, zail dute lan merkatura sartzea, etxebizitza bat eskuratzea eta osasun zerbitzua nahiz bestelako zerbitzuak erabiltzea. Lan egin beharra dago egoera horiek gainditzeko eta kultura aniztasuna aberastasun gisa hartzeko, eta ez arazo gisa”.
Agirrezabalagarentzat, “gure ingurunean ere badira oraindik ijitoen aurkako jarrerak eta sentimenduak; hori dela eta, jarrera gizalegezko eta are politiko bat hartuta, gainditu egin behar ditugu egoera horiek, eta ijito herriak dakarzkigun balioak eta kultura aitortu. Eginkizun horretan, ezinbestekoa da ijito elkarteek egiten duten lana goraipatzea”.
Donostiako Udalbatzak, erakunde adierazpen baten bidez, gaitzetsi egingo ditu era guztietako portaera xenofobo eta arrazistak, komunikabideei eskatuko die arduraz joka dezatela ijitoen irudi soziala tratatzeko orduan eta arbuia ditzatela ijito herria, haren duintasunaren lepotik, ikuskizun bihurtzen duten telebista saioak, erakundeei hertsatuki eskatuko die borroka daitezela romfobiaren kontra, eta ijito herria eta donostiar guztiak animatuko ditu elkarrekin lan egin dezaten elkarrekiko aitorpenaren, errespetuaren eta bizikidetzaren alde.
Udalak ekitaldi bat antolatu du apirilaren 8rako, osoko bilkuren aretoan, 11:00etan. Eneko Goia alkateak hitz batzuk esango ditu, eta, ondoren, Camelamos Adiquerarrek, Romi Bidean erakundeak, Ijito Herriaren Idazkaritzak, Caritasek eta Agifugik sinatutako komunikatu bat irakurriko dute. Ijito Herriaren eta Donostiaren banderak trukatu ondoren, Belen Camachok ijitoen ereserkia, Djelem, Djelem, abestuko du, David Escudero gitarristak lagunduta.
Ondoren, Nautikoko begiratokiaren ondoan, “ibaiko zeremonia” egingo dute: kandelak piztu eta itsasora petaloak botako dituzte. Ospakizuna ijito kafearekin amaituko da, osoko bilkuren aretoan.
Ijito herriak jazarpenez, exodoz eta erromesaldiz betetako historia luzea du. Nazien garaian holokaustoa pairatu zuten, ijito etniako milioi erdi bat pertsona akabatu baitzituzten orduan.
Euskal Autonomia Erkidegoan, gaur egun, ijito etniako 14.000 pertsona inguru bizi dira: 8.000 Bizkaian, 3.000 Gipuzkoan eta beste 3.000 Araban.