Este sitio utiliza cookies, propias y de terceros, para dar un mejor servicio. Si continuas navegando entendemos que aceptas nuestra política de cookies.

VERSIÓN COMPLETA

VERSIÓN MÓVIL

PSE-EE DONOSTIA

SUSCRIPCIÓN AL BOLETÃN

EL TIEMPO EN DONOSTIA-SAN SEBASTIÃN

BERRIAK

2016 MAR 18

DONOSTIAK %15,7 MURRIZTU DITU BEROTEGI-EFEKTUKO GASEN ISURKETAK

Donostiako Udala aitzindaria da berotegi-efektuko gasen isurketen inbentarioak egiten, 2005ean ekin baitzion lan horri. Horrelako inbentarioak funtsezko tresna dira klima aldaketaren aurka egiteko planak abian jartzeko, ekintzen eraginkortasuna neurtzea ahalbidetzen dute-eta. Gainera, 2010az geroztik, ISO 14064 arauaren arabera egiten ditu inbentariook. Alfonso Gurpeguik azpimarratu duenez, “inbentario hori sakon egin duen lehen udala izan gara eta, orain, Estatu osoan guk bakarrik betetzen dugu nazioarteko inbentarioei buruzko arau hori".

Udalerriko 2014ko inbentarioa kalkulatu berria da. Ingurumeneko zinegotziaren hitzetan, “herritarren isurketak %15’7 murriztu dira 2008. eta 2014. urteen artean, bestela esanda, ia CO2 (baliokide) tona bat gutxiago isuri da laguneko eta urteko. Alderdi hauek zerikusia izan dute murrizketa horretan: zabortegian bukatzen diren hondakinen bolumena jaitsi da eta, hortaz, haiei lotutako isurketak ere bai; garraiorako erregaien kontsumoa ere murriztu da, eta elektrizitatearen kontsumoari lotutako isurketak asko jaitsi dira.

Datu horiekin, esan dezakegu Donostiako Udala kontzientziatuenetakoa eta konprometituenetakoa dela klima aldaketaren aurkako borrokari eta isurketen murrizketari dagokienez. 2009an, Donostiako Udalak klima aldaketaren aurkako Alkateen Ituna sinatu zuen eta, horrekin batera, Energia Iraunkorra Sustatzeko Ekintza Plan bat sortu eta abian jartzeko konpromisoa hartu zuen. Plan horretan jasotako ekintzak gauzatzeko, zerikusia duten udal sailek urte batzuk daramatzate udal instalazio eta eraikinen energia-eraginkortasuna hobetzeko lanean.

Sail horietako bat Ingurumen Zuzendaritza da, Plana bultzatzen eta koordinatzen duena. Tresna normatiboen bitartez, hala nola, Eraikinen Eraginkortasun Energetikoari eta Ingurumen Kalitateari buruzko Ordenantzaren bitartez, eta udal eraikinetan kontsumitzen den energia neurtzeko eta kontsumo hori hobetzeko ekintzak gauzatuz, bere ekarpena egiten dio klima aldaketaren aurkako borrokari.

Ingurumeneko zinegotziak azaldu duenez, “udal eraikinak aztertzen ditugu, energia aurrezteko zer neurri ezarri erabakitzeko.” Horretarako, hamazortzi eraikin, esanguratsuenak, etengabe monitorizatzen dira, neurgailu sistema informatizatu baten bidez. Azterketa horietan oinarrituta, berokuntza eta argiztapen instalazioak nahiz eraikinetan kontsumitzen den energian eragina duten beste batzuk modernizatu egiten dira.

“Datu bitxi bat: udal ikastola batean, Ibai ikastolan, berokuntza-galdara berezi bat jarri da, hiriko zuhaitzak kimatuta ateratzen diren egur printzez elikatzen dena. Hala, lortzen den energia iturri berriztagarri batetik dator”, Gurpeguik esan duenez.

Bestalde, beste ikastetxe batzuetan, argiztapena eta berokuntza kontrolatzeko hainbat sistema jarri dira eta, haiei esker, energiaren kontsumoa %25 inguru jaitsi da. Gainera, ekintza horiei esker, eraikin horiek isurtzen duten CO2 kopurua %30 murrizten da.

Herritarrei zuzendutako programa jakin batzuk ere badira, hala nola, Donostia - CO2: familiak klimaren alde. Helburu du etxebizitzetan kontsumitzen den energia murriztea eta, 2015-2016an, Smart Kalean zentratzen ari da batez ere, Parte Zaharrean. Programan parte hartu duten familiek lortu dute %10eraino murriztea beren energia kontsumoa, 2015ean. Horrek, batetik, berotegi-efektuko gasen isurketa murriztea dakar eta, bestetik, isla du elektrizitatearen fakturan.

DONOSTIAK BAT EGINGO DU MARTXOAREN 19AN “PLANETAREN ORDUA”REKIN

Aurten, berriro ere, Donostiako hiriak bere eraikinik enblematikoenetako argiak itzaliko ditu, “Planetaren ordua” mundu mailako kanpainarekin bat egiteko.

WWF (World Wildlife Found) erakundearen ekimena da, aurten hamar urte betetzen dituena. Sortu zenez geroztik, klima aldaketaren aurka kontzientziatzeko ekintza nagusia izan da.

Alfonso Gurpegui Ingurumeneko zinegotziak esan duenez, “Donostiak hasieratik parte hartu izan du kanpaina horretan. Aurtengo edizioan, ekintza martxoaren 19an izango da, larunbatarekin, 20:30etik 21:30era. Momentu hori argiak itzali eta planetaren aldeko apustua egiteko momentua izango da.”

“Planetaren ordua”k urtez urte atxikimendu gehiago lortzen ditu. Antolatzaileen helburua mila miloi lagunek baino gehiagok parte hartzea da, bai eta mundu osoko 172 herrialdetako 7.000 hiri mobilizatzea ere, klima aldaketaren aurkako jarduerak babes globala duela erakusteko. Kalkuluen arabera, 2.200 inpaktu izango dira gizarte sareetan kanpaina dela-eta.

Ekimenari atxikitzeko, Donostiak toki hauetako apaindura-argiak itzaliko ditu: Parte Zaharreko Santa Maria eta San Bizente elizak, Groseko San Inazio eliza, Artazain Onaren katedrala, Miramar jauregia, Kontxako badia eta Santa Klara uhartea, Urgulleko harresiak eta Udaletxea. Horietaz gain, Kursaal eraikinak bat egingo du aurten ere ekimenarekin, kuboetako argiak itzaliz.

PSE-EE DONOSTIA PSE-EE