Eguerdian berriro kokatu dute Emakume berreraikitzailea deritzon eskultura, duela bi hilabete kamioi batek lurrera bota baitzuen.
Kamioiak maniobra oker bat egin eta lurrera bota zuen Dora Salazarren eskultura, oinak moztuta, eta Udala behartu zuen hura kendu eta eskulturaren oinarria hesitzera, istripurik ez gertatzeko.
Gaur, berriro ezarri dute eskultura Valle Lersundi plazan eskultura konpontzen jardun duten enpresetako langileek, Donostiako Parte Zaharraren erdi-erdian.
Eskultura bota zuen ibilgailuaren aseguruak ordaindu du konponketa. Hasieran, han bertan konpontzea zen asmoa, baina kalteak zenbaterainokoak ziren ikusita, Martuteneko aroztegi batera eramatea erabaki zuten. Lau hilabete geroago, eskultura bere kokalekura ekarri dute.
Herritarrei omenaldia izenburua duen eskulturak —Dora Salazar egilearen arabera, “Emakume berreraikitzailea”— plaka bat ere badu, Maialen Lujanbiok eginiko bertso batzuk jasota. Emakumeak irudikatzen ditu, adreiluak eramaten lan egin baitzuten Donostia berreraikitzen, 1813.ean hiria erre ondoren. Donostiako Udaleko Berdintasun Atalak agindu zuen lana.