Hemen dira inauteriak. Aste Santua, garizuma eta egutegia hala tokatu dira eta inauteriak goiz dira aurten, atsedenik ere eman gabe Donostiari, danborradaren, kaldereroen eta inudeen ostean indarberritzeko.
Festa Jardueretako zinegotzi Alfonso Gurpeguik adierazi duenez, “ostegunean hasiko dira inauteriak Donostian, eta sekulako hasiera izango da, gainera, asteburuan Donostiako kaleetan desfilatuko duten konpartsen aurkezpena izango baita Illunben”.
“Gure festak dena emanda ari gara bizitzen, eta Donostiarentzat hain berezia den urte honetan, poza, giro ona eta umorea ekarri nahi ditugu inauterietan 2016ko kaleetara”, nabarmendu du Gurpeguik, eta herritarrak ere animatu ditu, “ondo pasatzeko, mozorrotzeko eta egunerokoari buelta emateko aukera gal ez dezaten”.
Inauterietako kartela Aritz Trueba artista donostiarrak egin du. Kartel koloretsua eta dibertigarria da, eta, bertan, bi ume agertzen dira, Kursaaleko zubiko kale argiak balira bezala jantzita.
Ohiturari jarraituz, Momo jainkoa izango da buru inauterietan. Aurten, jainkosa izango da Momo, Wendy Cerezo Rodríguez, Errenteriako Odissey konpartsakoa. Harekin batera izango dira Saray Fuente Plaza, Ainara Laskibar Garro eta Laura Plaza Fernández ere. Momo jainkosari eta haren segizioari ostegun gizenean egingo diete harrera, Londres hotelean, eta orduan jasoko dituzte festaren giltzak.
21:00etan, Donostiako kaleetan desfilatuko duten 25 konpartsak aurkeztuko dituzte, Illunben, eta parte-hartzaileek inauterietako sariren bat eskuratzeko aukera izango dute. Konpartsa bakoitzak hiru minutu izango ditu bere jantziak eta koreografiak lehenengoz erakusteko. Aurkezpen hori bera errepikatuko dute hurrengo egunean, ostiral mehean, 19:00etan, Konstituzio plazan. “Egun horretan bertan, 20:00etan, Donostiako inauterietako konpartsa tradizional bat, Lanpernen Konpartsa, Parte Zaharreko kaleetan barrena ibiliko da, giroa jartzeko”, adierazi du Festa Jardueretako zinegotziak.
Larunbatean, jarduera ugari izango dira. Goizean, konpartsazaleek Momo jainkosa eta haren segizioa esnatuko dituzte Londres hotelean, goizeresi batzuk kantatuta. Aurten, gainera, Donostiako garai bateko inauterietako zenbait abesti berreskuratu dituzte. “Geroxeago, politikak amore emango dio festari eta inauterien esku utziko du hiriko boterea”, gogoratu du Alfonso Gurpeguik.
Arratsaldean, inauterietako lehen desfile handia abiatuko da. 17:00etan, zirkuitu itxi batean, konpartsek festaz beteko dituzte Donostiako erdialdeko kaleak, eta desfile hori hurrengo egunean, igandean, errepikatuko dute.
Larunbatean bertan, Konstituzio plazan, inauteri tradizionala agertokira azalduko da. Kaldereroak, Danborrada, Lanpernen Konpartsa, Lorezainen Konpartsa… Konstituzio plazan izango den erromeriarekin amaituko da gaua.
Igande goizean, inauteri txikia izango da, eta karrozak eta konpartsak erdialdean arituko dira desfilatzen, 11:30ean hasita.
Astelehenean, inauterizaleek festaz gozatzeko azken aukera izango dute eta sardinak errez amaituko dute jaia, Boulevarden. Garizumari hasiera emango diote hala. Segizioa Bilbo plazara abiatuko da 19:30ean, eta ordu erdi geroago Ugartemendia plazara iritsiko da.
ELTZEA APURTZEKO IGANDEA
Altzan, Eltzea Apurtzeko Igandera arte luzatu ohi dituzte inauteriak. Egun horretan, konpartsak auzoko kaleetan barrena ibiltzen dira, azkeneko aldiz giroa jarriz eta dantzatuz. 11:00etan hasiko da, eta 23 konpartsa arituko dira beren koreografiak eskaintzen eta beren jantzi eta karrozak erakusten.