Datorren astelehenean, azaroak 25, Indarkeria Matxistaren kontrako Nazioarteko Eguna izango da.
Berdintasuneko zinegotzi Duñike Agirrezabalaga sozialistak adierazi duenez, “egun hori aldarrikapen eta sentsibilizazio eguna da, baina eguna bera baino garrantzitsuagoa da egunero era guztietako indarkeria matxisten kontra egiten dugun lana”.
Agirrezabalagak adierazi duenez, “indarkeria matxistak era askotara agertzen dira: tratu txar fisikoak, isekak, umiliazioak, bortxaketak, hilketak, indarkeria ekonomiko eta sinbolikoa, sexu erasoak, laneko jazarpen sexual eta sexista... Askotan, arreta erasotzaileengan, tratu txarrak ematen dituztenengan edo jazarleengan jarri beharrean, emakumeei begiratzen diegu”.
Indarkeria horren arazoa konplexua da, eta, hori konpontzeko, erantzun integralak behar dira. Funtsezkoa da erakundeok indarkeriaren biktimei ematen diegun arreta hobetzea eta prebentzioa areagotzea. Lortu behar dugu gizarte osoak gaitzestea jokabide matxistak, batzuetan onartu eta normalizatu egiten baitira. Tratu txarrak eman eta umiliatu egien duten horiena da erantzukizuna, inoiz ez beren askatasuna baliatuz lanera, paseatzera, kirola egitera doazen biktimena, kasu honetan emakumeena”.