2015eko Aste Nagusia abuztuaren 8an hasiko da, larunbatarekin, eta hilaren 15ean amaituko da, jaietako egun handiarekin.
Gustu guztietarako 396 ekitaldik osatzen dute Aste Nagusiko egitaraua, eta agertokiak, berriz, 23 izango dira, hiri osoan zehar banatuak. Ekitaldi guztietatik 300 Donostia Festak atalak zuzenean antolatutakoak dira eta doan izango dira. Gainerakoak Musika Hamabostaldiko, hipodromoko eta Aquariumeko jarduerak, antzerkiak eta zezenketak dira.
Jaia 19:00etan hasiko da, udaletxeko terrazatik jaurtiko den kanoikadarekin. Aurten, ekitaldiko protagonistak Ama Birjinaren Eskola Elkartea eta Easo Abesbatza izango dira, haiek kantatuko baitute“Artillero”, 75. urteurrena dutela eta. Ekitaldiaren aurretik, Los Bebés de la Bulla, Gauerdi eta Taupada taldeek jarriko dute giroa, eta herritarrei kanoikadara etortzeko gonbita egingo diete. Ekitaldiaren ondoren, ROCK KALEAN taldeak jarriko du giroa, Boulevarden.
Egun handia, abuztuaren 15a, Aste Nagusiko azken egunean izango da, larunbatarekin. Normalean, jaia su festekin amaitzen da, baina aurten, larunbata denez eta egun handia denez, zezensuzkoen entzierroa izango da, bai eta kontzertu bat ere Saguesen (Remember Queen), zinema Ondarretan, eta Kursaaleko terrazetako musika goizeko 03.30 arte.
Hondartzako zinema da aurten berreskuratu den beste jarduera bat. Ondarretako hondartzan, su festen ondoko zinemaz gain (Urte berri on, amona, El planeta de los simios, Guardianes de la galaxia), fusioko hainbat musika emanaldi izango da, hala nola gure dantza tradizionala flamenkoarekin, dantza garaikidearekin eta zeinu mintzairarekin nahasten duten emanaldiak, repentismoa (Kubako bertsolaritza) eta cante jondoa; hip-hopari eta haren aldaera artistikoei ere eskainiko zaie gau bat.
Aste Nagusiak ohiko elementuak izango ditu: erraldoi eta buruhandien konpartsa egunero hiriko auzoetan barrena (San Telmon ere bisitatu ahalko dira); zezensuzkoen entzierroa; su artifizialen nazioarteko lehiaketa; erromeriak; herri kirolak (Igeldoko Harria, Urrezko Kopa); Urrezko Kopa Donostiako hipodromoan; Piraten abordatzea abuztuaren 10ean, hiri guztian giro ona jarriko duen ekitaldia; euskal dantzak Konstituzio plazan (aipamen berezia Eskolaren 75. urteurrenari, 140tik gora dantzari bilduko baititu ospakizun horren harira); musika banden emanaldia Boulevarden; DJ gauak Kursaaleko terrazetan; antzerkia Gipuzkoa plazan; zezenak Illumben; eta Urumeako arrantza lehiaketa jadanik tradizionala.
Aurtengo berritasunen artean, nabarmentzekoa da abuztuaren 8ko txistularien alardean Jose Mari Usandizaga omenduko dutela, 20:30ean, Konstituzio plazan.
Aurten, gainera, lehiaketa gastronomiko bat izango da gazteentzat, eta hemengo produktuak erabili beharko dira; Bretxan izango da, igandean, abuztuak 9. Horrez gain, ekitaldi hauek ere izango dira: merenge gerra Zurriolan, bertsolariak (programetako bat abuztuaren 14an izango da, suen ondoren, Konstituzio plazan, emakumeekin bakarrik), Gaueko Jai Lasterketa erdialdetik Ondarretara, modalitate guztietako kirol probak eta bigarren eskuko eta sortzaile berrien azoka jai eremu berri batean (Gernikako Arbolaren pasealekua), musikaz lagunduta.
Aste Nagusiko azoka eremua, ohi denez, Pasealeku Berrian egongo da, eta haurrentzako eremua, berriz, Koldo Mitxelena kulturune inguruan.